Landare Truke Azoka Txikia egingo dute Uliako Mintegietan
Igandean, hilaren 26an, Uliako Lore Baratzak taldeak V. Landare Truke Azoka Txikia egingo du. “Bakoitzak etxetik landarerenbat ekartzen du eta beste partaideren batekin trukea egiten du, eta hala bizi berri bat izaten dute landareek etxe eta jabe berri batean”, azaldu dute. Uliako Mintegietako negutegian izango da, 11:30etik aurrera.
Landareen zaleentzako jarduera bikaina da, baina baita landareak bizirik mantentzea kostatzen zaienentzat, ikasi eta zaintza aholkuak partekatzen baitira. “Landareak maite ditugu eta gurekin eramango genituzke munduko azken txoko edo eta espaziora ere!”, diote antolatzaileek.
Landareak eta aitzakiak
Uliako Mintegietan egiten den “ekimen xelebrea” da landareen truke azoka. “Landareen (loreak, zuhaitzak, zuhaixkak… #TruequeDePlantas) eta hazien aitzakiarekin elkartzen gara, bizitza ezagutza, esperientzia eta zaintzen bidez partekatzeko. Gure etxeetan, bulegoetan, lorategietan, terrazetan… hazten diren biziei jarraipena ematen diegu, beste batzuek zaindu eta hazten ikus ditzaten, eta, hala, gure landareek sortzen duten energiaz gozatzen jarrai dezagun, edozein txoko edo ekosistemaren batean”.