Lesbosen dauden errefuxiatuentzako janari eta premia-premiazko produktuen bilketa egingo dute
Lesbosko (Grezia) kanpamenduan dauden errefuxiatuentzako janari eta premia-premiazko produktuen bilketa antolatu du giza eskubideen aldeko Auzolan taldeak. Izan ere, Auzolanek azaldu duenez, 5.000 pertsona jasotzeko prest zegoen Lesbosko kanpamendua, eta 15.000 baino gehiago daude gaur egun han. Oso egoera txarrean daude errefuxiatuak, eta behar asko dituzte. Horregatik antolatu du bilketa hori Auzolanek, eta Movil Kitchen eta Amal erakundeek kudeatuko dute produktuen banaketa Grezian.
Premiazko elikagaiak bilduko dituzte Auzolan taldekoek, hala nola, haur txikientzako esnea, azukrea, kafea, arroza eta lekaleak. Era berean, haur eta helduentzako pixohialak, xaboia, konpresak, mantak, kanpin-dendak, haurr-kotxeak, zapatilak, lozakuak, toallak eta azpiko arropa ere jasoko dute, besteak beste.
Hilaren 31ra arte egingo dute bilketa, Gros auzoko azokan, Nafarroa Behera plazan, 8:30etik 13:30era. Aipatu produktuez betetako zortzi tonako edukiontzi bat bidaltzea dute helburu, eta 3.500 euroko kostua du edukiontzi hori bidaltzeak. Horregatik, bidalketa egiteko diru donazioak ere onartuko dituzte. ES73 2085 7556 6903 3013 4775 kontu korrontera egin beharko dira donazioak, Accion Directa Sierra Norteren izenean, eta Envio contenedor Lesbos kontzeptuarekin.