Sare sozialetako komunikazioari buruzko Nortasuna Sarean jardunaldia egingo dute datorren astean
Irudiak horrenbesteko garrantzia duen garaian, nola atera etekina testuari? galderatik abiatuko dira TaPuntu Kooperatibak antolatutako Nortasuna Sarean jardunaldian. Bosgarren urtez antolatu dute jardunaldia, eta Koldo Mitxelenan egingo dute, hilaren 29an, 18:30ean, eta jardunaldiaren webgunean eman daiteke izena. Antolakuntzak azaldu duenez, “enpresa txiki nahiz ertainen arduradunei, bere erakundearen nortasuna sareratzearen ardura dutenei, zein gaian interesa duen edonori zuzendurik, influentzien marketinean beharrezko diren oinarrizko ezagutza eta aholkuak eskainiko dira”.
Alde batetik, Noelia Jimenezek eta Usoa Agirrek sare sozialetan eta webguneetan zein testu eta nola erabili behar diren azaldu dute, baita joerak eta adibideak aztertu ere. Copywritter-a eta Redactora.net atariaren arduraduna da lehenengoa, eta Arteman Komunikazio Agentziako aditua bigarrena.
Bestalde, sare sozialen munduan esperientzia duten hiru pertsonek mahai-ingurua egingo dute, euren bizipenak azaltzeko. Alde batetik, Jone Bengoa ilustratzaileak Sastrakan ilustrazioei testua nola jartzen dien azalduko du. Bestetik, informazioa sareetara nola egokitu behar den, eta Berria egunkariaren web 2.0 iraultza azalduko du Jon Ordoñezek, Berriako internet saileko buruak. Azkenik, iazko Zinemaldian community manager gisa lan egin ondoren, bere esperientzia kontatuko du Estitxu Zabala kazetariak.