Sortuko lau kideen atxiloketak salatzeko elkarretaratzera deitu dute
Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atxilotu ditu Guardia Zibilak gaur goizean. Lopez Ruiz eta Garmendia Kalera Kalera dinamikako kideak dira, San Vicente Sortuko arduradun politikoa da Araban, eta Altuna Sorturen Gipuzkoako arduradun politikoa da.
Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu du Kabat operazioa, eta Barne Ministerioak jakinarazi du euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi antolatu eta koordinatzeagatik atxilotu dituztela. Era berean, honako delituak egotzi dizkiete: terrorismoaren goratzea eta biktimen umiliazioa. Zabaldutako oharrean Ministerioak azaldu du datozen orduetan, Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ostean, aske geratuko direla lau atxilotuak.
Atxiloketak salatu eta gaitzesteko mobilizazioak iragarri dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Donostian, Egiako epaitegian egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan, Bakea eta demokrazia. Erasorik ez! lelopean.