U.Lab programaren 5. urteurrena ekitaldi batekin ospatuko dute
Impact Hub Donostiak U.Lab programaren 5. urteurren ekitaldia egingo du bihar, Kutxa Kultur espazioko Ruiz Balerdi aretoan. 18:30ean hasiko da eta 20:00era bitarte iraungo du. “Eraldaketa sozialak egiten pentsatzen baino indar gehiago hartzen duen arren, komunitatean pentsatzea eta aztertzea garrantzitsua da”, azpimarratu dute antolatzaileek. Horrela, ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Programari dahokionez, U Teoriak eraldaketa sozialerako daukan ahalmena ikertzeko eta edizio honen galderari buruz hausnartzeko tartea hartuko dute. “Nola igaro gizarte ahaldun, konprometitu eta jasangarri batetara?”, galderari erantzuteko bertako zein nazioarteko esperientziak ezagutuko dituzte. Tokiko eragileen proiektuak eta esparru ezberdinetako ikuspegiak, enpresa, hezkuntza eta ekonomia zirkularra, besteak beste, izango dituzte hizpide.
Mahai-inguru bat egingo dute eraldaketa eragileekin, sistema operatibo berria gure gizartean ezartzeko moduari buruz: Ibon Urretavizcaya, Urrezabal Elektrizitateko Gerentea; Ainhoa Garayar, Finantza Ekonomiako Irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU); Erica Mazerolle, Sustainable Living Lab-eko Zuzendaria Impact Hub Lausannen (Suitza) eta Beyond Waste Lab-aren Erraztailea; eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetzarekin.
Bost urte
U.Lab Impact Hub Donostiak erraztutako programa da. Impact Hub Donostia coworking, ekintzailetza eta berrikuntza sozialeko lekua da, proiektu ezberdinen bidez Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak sustatzen dituena, ingurune erantzukizuna, genero berdintasuna eta giza garapena bultzatzen, besteak beste.