Elkarretaratzea egin dute Donostian, Sortuko lau kideen atxiloketak salatzeko
Asteazken goizean atxilotu zituzten Sortuko lau kideak, eta arratsaldeko lehenengo orduetan utzi zituzten aske.
Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiritan egin zuten moduan, Donostian ere elkarretaratzea egin zuten asteazken arratsaldean, Egiako epaitegiaren aurrean, goizeko Sortuko lau kideen atxiloketak salatzeko. Bakea eta demokrazia. Erasorik ez! lelopean egin zuten elkarretaratzea. Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Haimar Altuna eta Oihana Garmendia atxilotu zituen Guardia Zibilak goizean, eta deklaratzera eraman ondoren aske utzi zituzten, arratsaldeko lehenengo orduetan.
Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu zuen Kabat operazioa, eta Barne Ministerioak jakinarazi zuen euskal presoei eginiko 95 harrera ekitaldi antolatu eta koordinatzeagatik atxilotu zituztela. Era berean, honako delituak egozten dizkiete: terrorismoaren goratzea eta biktimen umiliazioa.