Itsasargiaren izpia, eromenera bidea
‘The lighthouse’
Zuzendaria: Robert Eggers
Urtea: 2019
Herrialdea: AEBak
1. Sekuentzia: Kanpoan – Itsasontzia – Egunez
Ingalaterra Berriko kostaldeko irla baterantz doa itsasontzia. Itsasoa haserre eta laino dagoen arren, itsasargiaren izpia antzeman daiteke urrutian. Bi farozainek beraien etxe bilakatuko den uhartea begiratuko dute.
2. Sekuentzia: Kanpoan – Uhartea – Egunez
Uhartera iritsi eta itsasargira bidean doazela, aurreko asteetan han egon diren farozainekin gurutzatuko dira. Hauek ihesean ari direla dirudi, ez baitute begiradarik gurutzatuko. Zeri egiten ote diote ihes? Kaioek bakarrik emango diete ongietorria.
3. Sekuentzia: Kanpoan – Itsasargia – Egunez
Bi farozainek adi begiratuko diote itsasontziari urrundu bitartean, zeruertzean guztiz desagertuko den arte. Orduan helduko da unea: itsasargiaren atea gurutzatu, eta lanean hasiko dira. Ezin aurreikusi gertatzeke dagoena…
Horrela emango dio Robert Eggersek hasiera bere azken filmari, protagonisten eromenera bidea hausnartzen duen The lighthouse filmari, hain zuzen. Lehen bost minutu horiek nahikoa izango ditu egoera gordinetan edertasuna filmatzeko duen gaitasuna erakusteko: 1:19:1 formatuan, zuri-beltzez filmatua eta argi-ilunen arteko oreka menperatuz, plano bakoitza hipnotikoa da guztiz. Ikuslea hasieratik jabetuko da filma deserosoa izan arren, Carl Theodor Dreyer eta Andrei Tarkovskiren zineman bezala, estetikoki gozagarria dela oso. Horregatik, ez da harritzekoa Jarin Blaschkek, argazki zuzendariak, Oscar sarietarako izendapena jaso izana.
Eta Willem Dafoe eta Robert Pattinson dira The lighthouse laneko protagonistak, bi farozainak. Lehenengoak bizi osoa igaro du farozain gisa lanean, eta bere burua itsasargiaren izpiaren jabetzat joko du; bestea, aldiz, ofizioa ikastera dator eta lan gogorra egin beharko du uharte sorgindu horretan burua ez galtzeko eta bizirik irauteko. Hasieran elkar ezagutzeko eta harremana estutzeko intentziorik ez badute ere, ekaitz amaigabe batean harrapatuta geldituko dira, eta, alkohola tartean, bien arteko tirabirak hil edo biziko borroka bilakatuko dira.
Gainera, infernua izan zitekeen uharte horretan denborak ez du aurrera egiten, ez dago araurik eta bertakoekin bizikidetza -kaioekin eta lamiekin, besteak beste- ez da batere erraza izango. Itsasargiaren izpia marinelen azken itxaropena izateaz gain, farozainen hondamendia ere bada.
Aipagarria da, benetan aktoreen lana; biek bakarrik eusten baitiote film osoaren zamari. Farozainaren egunerokotasuna hain da gogorra eta bakartia non iraganeko mamuak astintzen dituen, eta istorioak aurrera egin ahala, farozain bakoitzaren ezkutuko asmoak ezagutzera emango dituen. Hasierako isiltasun deserosoek elkarrizketa zakarretara bide emango dute istorioak aurrera egin ahala. Horregatik, garrantzi handia du filma jatorrizko bertsioan ikusteak, marinelen hizkeraz gozatzeko modu errealena baita: hitz zakarrak, talka egiten duten horietakoak; baina baita errima ugari eta umorea ere…
Robert Eggers zuzendari estatubatuarrak beldur psikologikoaren maisua dela erakutsi digu berriro ere: The Witch filmarekin -2015. urtean aurkeztu zuen opera prima– Sundance zinemaldiko zuzendari onenaren saria irabazi ondoren, The lighthouse filmarekin FIPRESCI saria jaso du aurtengo Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian.
Pantaila handian ikusteko filma da, dudarik gabe, plano bakoitzak osatzen duten xehetasunez gozatzeko, farozainen esperientzian guztiz murgildu eta haiekin sorgindurik burua galtzeko.