Reala kopako final-zortzirenetan da Anoetan Espanyol gainditu ostean
(Argazkia: Reala) Koparako bidean pausoak ematen jarraituko du Realak. Izan ere, asteazkenean Anoetan jokaturiko partida bakarreko kanporaketan, Imanol Alguacilen mutilak Espanyoleko jokalariak baino hobeak izan ziren eta, horri esker, final-zortzirenetarako pasea lortu dute merezimendu osoz.
Donostiarrek 2-0eko emaitzarekin irabazi zuten. Ander Barrenetxeak eta Alexander Isakek egin zituzten golak, lehen eta bigarren zatian, hurrenez hurren. Reala partidaren jabe izan zen hasieratik amaierara arte. Bigarren zatiaren hasieran, katalanek indar erakustaldi bat egin zuten, baina txuri-urdinek haien aukerak zapuztu zituzten bigarren golarekin.
Gauzak horrela, Ceuta eta Espanyol kanporatu ostean, Reala kopako hurrengo fasera pasa da, bere hurrengo aurkaria nor izango den oraindik jakin gabe. Zalantza hori ostiralean argituko dute zaleek, 13:30ean egingo den zozketarekin.

