Burujabetzaren bidean, beste pauso bat eman dute
Berrogei bazkide inguruk osatzen dute gaur egun Artatxiki Biogunea elkartea. Intxaurrondon elikadura burujabetza sustatzeko helburua dute, eta, hilabete askotako lanaren ostean, denda bat zabalduko dute.
Gaur irekiko dute Artatxiki Biogunea elkartearen denda. Hilabeteak daramatzate elikadura burujabetzan oinarritutako proiektuan lanean, eta gaur, azkenik, lanaren fruituak erakutsiko dizkiete Intxaurrondoko auzotarrei. Intxaurrondo kaleko 54. zenbakian dago lokala, Zulo Zahar elkartearen, Letaman gaztetxearen eta Larrotxene kultur etxearen alboan. Inaugurazioa 18:00etan hasiko dute, eta Jakoba Errekondo gonbidatu dute.
Paisaia kulturalean espezializatutako paisajista eta ingeniari agronomoa da Errekondo, eta Elikaduraren Burujabetza Euskal Herrian izenburua duen hitzaldia egingo du; bere liburuak erosteko aukera izango dute interesa dutenek. 19:00etan proiektuaren aurkezpena egingo dute, eta 19:30ean dendaren irekiera ofiziala; gainera, ospatzeko, topa egingo dute denek batera. Denda prest uzteko azken prestaketa lanak egiten aritu dira elkarteko kideak azken egunetan, eta Leire Garrok azaldu duenez, «oso gogotsu eta pozik» daude hastear den fase berriarekin.
Bazkideen konfiantzari esker
Auzoaren eta herritarren elikadura burujabetza oinarri hartuta, «dezena bat lagun» elkartu ziren duela urtebete Intxaurrondon. «Horrelako egitasmo bat sortzeko eta bultzatzeko beharra ikusi genuen, eta lanean hasi ginen», azaldu dute. 2019ko apirilaren 11n Intxaurrondoko kultur etxean proiektuaren lehen emaitzak plazaratu zituzten, eta aurkezpen ireki bat egin zuten auzotarrei proiektuaren berri emateko.
«Aurkezpenera joan ziren asko gure elkartearen bazkide egin ziren, gugan konfiantza jarriz», kontatu dute. Egun, Artatxiki 40 pertsona baino gehiagok osatzen dute, eta «poliki-poliki» hazten joateko bokazioa dute. Indartsu hasi dute ibilbidea, eta auzoan zein hirian elikadura burujabetzaren praktikak zabaldu nahi dituzte: «Gure auzoan ez ezik, Donostian ere erreferente bilakatu nahi dugu».
Praktika horien bitartez hainbat helburu lortu nahi dituzte. Alde batetik, nekazaritza ekologikoa bultzatu eta zabaldu nahi dute, «ama lurra bizirik mantentzeko». Bestetik, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko lotura zuzena izatea nahi dute, horrela, nekazarien lana aitortu eta babesteko. Era berean, herritarren kontsumo ohituretan eragiteko xedea dute, gizartearen eraldaketa sustatzeko; horretarako, bertako produktu ekologikoen eskaintza zabala izango dute dendan. Azkenik, ekonomia zirkularraren printzipioekin bat egiten du proiektuak, eta hori lortzeko, esaterako, erabilitako materialak birziklatuko dituzte, eta hondakinak murrizten saiatuko dira.
Intxaurrondoren bihotzean
Gaur inauguratu duten saltokia «denda bat baino gehiago» izatea nahi dute Artatxikiko kideek: «Jatorri ekologikoa duten produktu eta elikagaiak saltzeaz gain, saltoki txikien aldeko apustua egiten dugu, horrela mantenduko baitigu gure auzoak eta herriak bizirik».
Irabazirik gabeko elkartearen funtzionamenduaren funtsean dago herritarren burujabetza, horregatik, proiektuaren inguruko erabaki nagusiak urteko batzarretan hartuko dituztela erabaki dute. «Bazkideen parte hartzeari garrantzia eman nahi diogu, eta bazkide boluntarioaren figura sortu dugu, proiektuan parte hartzeko aukera zabaltzeko eta bazkide aktiboak izateko», azaldu dute. Boluntarioek modu desberdinak izango dituzte proiektuan parte hartzeko, eta horiek bakoitzaren aukera eta ordutegietara egokitu nahi dituzte.
Artatxikiko bazkidea izateko hogei euro ordaindu behar dira, baita urteko kuota bat ere. Aukeratzen den bazkide motaren arabera, kuota desberdina izango da: bazkide arruntek 60 euro ordainduko dituzte, eta bazkide boluntarioek, aldiz, 35 euro. Halaber, langabe eta gazteengan ere pentsatu dute, eta «bestelako erraztasunak» eman nahi dizkietela kontatu dute. Gainera, bazkideek hainbat onura izango dituztela iragarri dute: dendan salduko dituzten produktu guztien prezioetan %6-ko beherapena ezarriko dute bazkideentzat, eta hainbat elikagai prezio merkeagoan eskuratu ahal izango dituzte, adibidez, urte osoko olio eskaera eta kontserbak.
Artatxiki Biogunearen denda astelehenetik ostiralera zabalik egongo da. Astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 18:00ak arte, eta ostiraletan, 10:00etatik 15:00etara. «Epe motzean, gure helburua da dendaren ordutegia zabaltzea», aitortu dute itxaropentsu elkarteko kideek.