Gregorio Ordoñezen familiak horrela eskatuta, EH Bilduk ez du haren omenezko ekitaldian parte hartuko
ETAk hildako Gregorio Ordoñez udal zinegotziaren omenezko ekitaldia egingo du bihar Donostiako Udalak. Abuztuaren 31 kalean izango da, 12:00etan, erail zuten La Cepa tabernaren aurrean. Plaka bat jarriko dute haren omenez, eta lore eskaintza bat egingo dute.
Ordoñezen familiak eskatu du EH Bilduren ordezkaririk ez egotea omenaldian. “Duela egun gutxi, Ordoñez jaunaren familiak berak eskatuta, Alkatetzak jakinarazi zigun EH Bilduren presentzia ekitaldian ez zela ongietorria izango”, jakinarazi du udal taldeak ohar baten bidez. Familiaren eskaera beteko dutela gaineratu dute.
Nolanahi ere, EH Bilduk hasieratik izan duen jarrera azpimarratu nahi izan du: “Euskal Herrian pairatu dugun gatazkaren biktima guztiak aitortzeko eta erreparatzeko EH Bilduren borondatea agerian geratu da askotan, eta ekitaldi guztietan parte hartu dugu errespetutik eta inklusibitatetik”, adierazi dute. Udal taldearen helburua “baldintza politiko eta sozial berriak sortzea” izan dela gaineratu dute, “aurrera egitea eta bakea eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan sakontzea”.
Alkatearen iritzia
EH Bilduk harturiko erabakiaren ostean, Eneko Goia alkateak adierazpenak egin ditu: “EH Bilduk normaltasunez parte hartu du hirian udalaren partetik antolaturiko ekitaldietan, eta badakit horrela egiteko asmoa zutela. Normalizazioan adierazgarri bat da. Dena dela, familiaren borondatea da eurek ez parte hartzea, eta EH Bilduk errespetatuko du. Horri ere balioa eman behar zaio”.