Udal gobernuak ez du atzera egiteko asmorik
Etxe Turistikoen Ordenantza baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak, ez duelako betetzen hirigintzaren legezkotasuna. Helegitea aurkeztuko du udalak, eta, bitartean, araudia indarrean mantenduko da.
Etxebizitza turistikoak erregulatzeko ordenantza propioa sortzea erabaki zuen Donostiako Udal Gobernuak. 2018ko martxoaren 1ean onartu zuten, eta ordutik ibilbide juridiko zaila izan du. Indarrean sartu zen momentutik ordenantzaren aurkako askotariko helegiteak aurkeztu zituzten. Batzuen ustez, etxebizitza turistikoen merkatua mugatzen zuelako, eta beste batzuen iritziz malgutzen zuelako.
Epaitegiek kasu gehienetan arrazoia eman diote udalari, itxitako etxe turistikoek Plan Orokorraren lehen solairuko araua betetzen ez zutelako. Dena dela, abendua eta urtarrila bitartean ordenantzaren aurkako hiru epai iritsi dira. Hiruek kolokan jarri dute bere legezkotasuna.
Eneko Goia alkateak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak presazko agerraldia egin zuten hilaren 16an, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziaren berri emateko. «Epaia ez da udalaren interesen eta nahiaren araberakoa», adierazi zuen Goiak. Sententziaren arabera, ordenantza batekin ezin dira hirigintza erabilerak arautu, eta ezin da Plan Orokorraren aurka joan. Udal gobernuak ez du bat egiten epaiarekin, eta aintzat hartu arren, helegitea aurkeztuko duela iragarri du.
Erabaki juridikoa
Azken sententziak dioenaren aurrean, udal gobernuak ez du uste oker jokatu zuenik. «Zerbitzu juridikoek proposatu zuten ordenantza zela biderik egokiena. Plan Orokorraren aldaketak denbora asko behar du, eta etxebizitza turistikoen gaiak hartu zuen garrantzia ikusita, tramitazio azkarragoa zuela ebatzi zuten», azaldu dute udaleko iturriek.
Harturiko bidea zuzena izan dela nabarmendu du udal gobernuak: «2010eko Plan Orokorraren aldaketak bide ematen du lurraren antolaketari dagozkion hainbat atal ordenantza bidez arautzeko, eta halaxe egin zen. Orain epaitegi batek 1995etik indarrean zegoen plan orokorraren artikulu bat bertan behera utzi du, baina 25 urte egon da indarrean, eta inork ez du auzibidean jarri. Beraz, uste dugu jarraitutako bidea egokia eta oinarri sendoetan egina izan zela. Horrela defendatuko dugu helegitean ere».
Sententzia irmoa izan bitarte, ordenantzak indarrean jarraituko duela adierazi du udal gobernuak. «Legez ezin dugu indarrean dagoen lege bat bete gabe utzi. Pisu gehiago ez baimentzea prebarikatzea litzateke», azaldu du udalak. Bitarte horretan, udal gobernuaren asmoa da Plan Orokorra aldatzea, eta ordenantzaren araudia txertatzea. Horrela, Plan Orokorarren lehen pisuko araua ezabatuko dute, etxebizitza turistikoak lehen solairutik gora ere jartzeko aukera emateko. Bi hilabeteko epean Plan Orokorra aldatzeko proposamen berria prest izango dutela iragarri du udalak. «Hurrengo hilabeteotan aurretiko onarpena ematea espero da, eta aurten onartzea behin-betiko».
900 gehiago
Gaur egun, 1.200 etxebizitza turistiko daude Donostian. Ordenantza berria indarrean sartu zenetik, 900 etxe turistiko baino gehiago legeztatu dira. EH Bildu eta Elkarrekin Donostia udal taldeek ohartarazi dute, ordenantzak Plan Orokorraren araudia «malgutu» duela, eta atzera egiteko eskatu diote udal gobernuari. «Plan Orokorraren segurtasun juridikora itzultzeko garaia da. Edo modu kolokialean esanda: lehen solairuko araura itzultzeko garaia da», azpimarratu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak.
Bilboko Udalak etxebizitza turistikoen araudi berria onartu zuen 2018 urte hasieran, eta etxe turistikoak soilik lehen solairuetan baimentzea adostu zuen. Donostiako Udal Gobernuak, ordea, ordenantza propio bat sortu zuen. Bilboko eredua lehenesten du EH Bilduk, eta eskatu dute ordenantza «kaxoi batean sartu» eta abiapuntura itzultzeko. Horretarako, ponentzia bat eratzea eskatu dute, «pisu turistikoen eztanda eman zenetik Donostian sortu den egoera aztertzeko, eta zein egoera juridikoan gauden ere sakon aztertzeko». Azken helburua, etxe turistikoak behar bezala arautzea izango litzatekeela adierazi du Burutaranek. «Ponentzia eratzearekin batera, etxebizitza turistiko berrietarako baimen gehiago ez emateko erabakia hartu beharko litzateke».
1990eko hamarkadatik Donostiako Udalak etxebizitza turistikoak arautzeko legedi bat duela gogorarazi du EH Bilduk; lehen solairuko legea. «Benetan eredugarria zen, baina etxe turistikoen eztanda Donostiara iritsi zenean, 2015an eta 2016an, ez zen behar bezala aplikatzen. Orduan, Plan Orokorra betearazteko neurri berriak hartu beharrean, etxe turistikoak arautzeko ordenantza berria aurkeztu zuen udal gobernuak», azaldu du Burutaranek.
Ordenantza onartzeko udalbatzarrean EH Bilduk adierazi zuen ibilbide laburra izango zuela, «eragingo zituen prozesu juridiko ugariengatik». Udal taldeak azpimarratu zuen, ordenantza batekin ezin direla hirigintza erabilerak arautu, eta ezin duela Plan Orokorraren kontra joan. Irabazi Donostiak alegazioen bidez gauza bera ohartarazi zuen udalbatzar hartan. «Etxebizitza turistikoen erabilera arautzeko ordenantza bat garatzeak segurtasun juridikorik ez zuela adierazi genuen», adierazi du Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako bozeramaileak.
Etxe turistikoen aferak Donostiako etxebizitzaren arazoarekin lotura zuzena duela azpimarratu du Aranetak. Ordenantzak alokairuaren prezioaren igoeran eragina izan duela salatu du: «1.200 pisu turistiko baino gehiagok, eta arauz kanpoko negozioa egiten ari direnek egiten duten presioaren ondorioz, hiria alokairuaren prezioaren markak hausten ari da. Higiezinen atari batek duela gutxi aurkeztu zuen datuaren arabera, Donostiak, batez beste, 1.300 euroko alokairua gainditzen du». Horrela, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuari eskatu diote etxebizitza politikei «buelta» bat emateko, Donostiako herritarrek hirian bizimodu duina garatu ahal izatea bermatzeko. «Gutxi batzuen espekulazioaren eta negozioaren aurrean, donostiarren bizitza erdigunean jartzeko eskatzen diegu».
ETXE TURISTIKOEN AFERA
- 2015-2016: Etxe turistikoak nabarmen ugaritu ziren Donostian.
- 2017: Eusko Jaurlaritzak Turismoaren Legea ezarri zuen, eta Donostiako etxe turistiko askok lizentzia lortu zuten. Udalak, ordea, Plan Orokorreko lehen pisuko araua betetzen ez zuten pisu turistikoak itxi zituen. Bestalde, pisuak ikuskatzeko lan-talde bat osatu zuen.
- 2018ko martxoa: Udal gobernuak Etxe Turistikoen Ordenantza onartu zuen. Hainbat alderdi, eragile zein elkarte kontra agertu ziren, adostasunik gabe onartu zuelako EAJren eta PSE-EEren gobernuak.
- 2018ko martxoa: Udal gobernuak Etxe Turistikoen Ordenantza onartu zuen, eta, martxoaren 27an sartu zen indarrean.
- 2019ko abendua: Donostiako epaitegi batek bi epairen bidez ebatzi zuen, ordenantza zuzenbide osoz deusez dela Plan Orokorra ez betetzeagatik.
- 2020ko urtarrila: EAEko Auzitegi Nagusiak ordenantza balioagabea dela ebatzi du. Epaiaren arabera, ordenantza batekin ezin dira hirigintza erabilerak arautu, eta ezin da Plan Orokorraren kontra joan.