Easo Politeknikoko ikasleek elkartasun festa bat egingo dute Añorgan
Otsailaren 8rako festa inklusibo eta solidario bat antolatu dute Easo Politeknikoko Gizarte eta Kirol animazio eta irakaskuntzako ikasleek. Elkartasun festa Añorgan izango da, eta auzoko kirol zein kultur elkartearen laguntza izango du. Era berean, Katxiporreta pailazo taldeak ere parte hartuko du, eta festan lorturiko dirua ASPANOGI haur minbiziadun guraso elkarteari emango diote.
Egitarauari dagokionez, goizeko 10etatik aurrera jolasak, Beñat Gaztelumendi bertsolaria, Porrotx pailazoa, Iker Vicente Euskal Herriko aizkolari txapelduna eta Eneko Saralegi, dantzariak, koroa eta beste egongo dira Añorga auzoan. Bestalde, edariak eta pintxoak izango dituzte, eta baita Tonbola erraldoia ere. Tonbola hau osatzeko Euskal Herri osoko argitaletxe, kirol elkarte, disketxe, musika talde eta abarrek haien materialarekin lagundu diete. Festari bukaera emateko, berriz, zumba saio bat prestatu dute.