Igara errekako isuri kutsakorrak kronikoak direla salatu du Eguzkik
Pasa den astean, Igara errekako urek kolore zurixka zutela ohartarazi du Eguzki talde ekologistak. Batez ere, Tolosa Hiribidearen alboan gertatu dela salatu dute, Nanogunearen eta unibertsitateen parean.
“Egia esan, bai Igarako errekan, bai Añorgakoan (biek bat egiten dute gutxi gorabehera Tolosa Hiribideko puntu honetan, itsasora Tximistarritik atera baino lehen), isuri kutsakorrak ez dira puntualak, kronikoak baizik. Istorio bukaezina da. Hori bai, batzuetan, kasu honetan bezala, askoz ikusgarriagoak dira beste batzuetan baino”, azaldu dute.
Urtetan bailarako saneamenduan “utzikeria handia” egon dela azpimarratu du Eguzkik: “Gauzak horrela, kolektorera lotuta ez zeuden edo gaizki lotuta zeuden enpresa batzuen arazoak konpondu egin dira. Kolektore nagusiaren zati bat ere berritu dute. Baina bistan da egiteko asko geratzen dela, isurketek jarraitzen baitute”. Dena dela, URA Euskal Agentziak eta Donostiako Udalak eskua sartu dutela adierazi dute.
Udalari eta URAri eskatu diete azalpen publikoren bat emateko errekaren azken egunetako egoera dela-eta. “Irudipena dugu egunotan ikusi duguna ez dela betiko isurketa baten ondorio”, dio Eguzkik.