Espartxoko zubi berria irekita dago oinezko eta ibilgailuentzat
Pasa den astetik irekita dago Txomiñeneko Espartxoko zubia, eta lanek aurrera jarraitu arren, ibilgailuek eta oinezkoek igaro dezakete. Zubi berriak 60 metroko luzera du, eta zutaberik gabekoa da. Hau da, Urumea ibaiari ez dio inolako oztoporik eragingo. Zubi zaharra duela egun gutxi eraitsi zuten.
Une honetan zubi berria egonkortzen ari dira langileak, eta gero eremua urbanizatuko dute. Hain zuzen ere, Donostiako Udalak onartu du urbanizazioaren obra kontratuaren aldaketa. Horren ondorioz, kontratuaren prezioa igoko dute, eta 257.460 eurokoa izango da. Aldi berean, lanak bukatzeko epea luzatu dute martxoaren 28a arte.
Egin behar dituzten lanei dagokienez, Espartxoko zubiaren iparraldeko aldean espaloi zabalagoa jarriko dute, hegoaldekoarekin alderatuta. Izan ere, etxebizitza berriak dauden eremuan bidegorria jarriko dute, jarraipena emanez parketik datorren sareari.