Parte Zaharreko auzotarrek jatetxe bat salatu dute zaborra euren atarian uzteagatik
Portu kaleko 20. zenbakiko auzotarren komunitateak egin du salaketa. Ubarrechena jatetxeak zaborrak beraien establezimendu aurrean utzi beharrean, auzotarrek euren atariaren ondoan uzten dituztela adierazi dute. Horrek labezomorroak eta usain txarrak eragiten dituela salatu dute.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak auzotar horien kexa jaso, eta salaketa udaletxean erregistratu zuen: “Indarrean dagoen araudiaren kontra, Miguel Ubarretxenak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko lehendakariak, ez ditu hondakinak bere jatetxearen aurrean uzten. Portu kaleko 20. zenbakia kudeatzen duen biltegiko atearen ondoan uzten ditu, eta inguruko saltokien eta bizilagun-komunitatearen jarduera kaltetzen du”, azaldu du auzo elkarteak. Ubarretxenarekin harremanetan jartzen saiatu dira auzo elkartekoak, baina ez dute lortu.
Biltegiaren egoera
Iazko azaroan, Ubarretxenak jatetxearen bilegiaren jarduera garatzeko aurretiazko jakinarazpena aurkeztu zuen udaletxean. “Ordea, lokalak ez du irteerarik hondakin horiek sortzen dituzten usainentzat. Aldiz, badu leiho bat, bizilagunen komunitateko patiora ematen duena, sare metaliko bat baino itxitura gehiago ez duena”, azaldu du auzo elkarteak. Azken batean, biltegiak ez ditu jatetxeko hondakinak biltzeko beharrezko baldintza higieniko-sanitarioak betetzen.
Egoera horren aurrean, auzo elkarteak udalari eskatu dio neurriak hartzeko, “ostalaritzaren sektoreak biltegirako erosten dituen lokalen erabilera tranpatiari aurre egiteko”. Hori, Parte Zaharrean ostalaritzaren jarduera “ezkutuan zabaltzea” dela diote; “eremu asearen izendapena saihesteko, lokal horiek gaur egun debekatuta dauden hondakinak biltzeko erabiltzen dituzte”.
Oso har, Parte Zaharreko bizilagunen bizi kalitateari zuzenean eragiten dieten beste arazo batzuk ere aipatu ditu auzo elkarteak: “Adibidez, La Mejillonera tabernako bezeroek kalean kontsumitzen dute atariaren atean eseri, ingurua zikindu eta pasabidea oztopatuz”. Udalak oraindik neurririk hartu ez duela diote.