Pintxo eta tabernen gida bat kaleratu du Pintxoaren Institutuak
Urrezko eta Zilarrezko Barandak lortu zituzten 39 establezimenduak nabarmentzen ditu, Donostiako Pintxoaren Institutuak argitaratu berri duen gidak. Duela urtebete inguru Miramar Jauregian egin zen I. Pintxo Galan saritutakoak dira. 1.000 ale argitaratu dira euskaraz eta gaztelaniaz, eta beste 500 ale frantsesez eta ingelesez. Donostia Turismoaren bulegoetan banatuko dira. Udalak Basquetour-ekin elkarlanean osatu du liburua.
“Pintxoaren Institutuaren saria merezi izan zuten establezimendu horien lan ona, lan profesionala eta tradizioarekiko errespetua nabarmendu nahi ditugu, eta, horretarako, gida hau argitaratu dugu, gure hirira hurbiltzen direnek erreferentzia bat izan dezaten”, azaldu du Ernesto Gascok, Turismoko zinegotziak.
Ezaugarriak
Liburuxkak hiriko mapa-plano batean adierazten du saritutako establezimendu non dagoen, eta Donostiako pintxoaren dekalogoa ere jasotzen du, tradizio gastronomiko horren funtsezko alderdiak biltzen dituena: etxean egina izatea, bertako produktuekin, bi edo hiru ahokadatan jateko modukoa izatea, produktu freskoz egina eta etengabe berritzea, besteak beste; eta baita establezimendu batetik bestera ibiltzea ere, pater bat hartu eta taberna batean bakarrik geratu beharrik gabe.
Apirilaren bukaeran izango da II. Pintxo Gala, eta horretarako, sukaldaritzako eta beste sektore batzuetako profesionalez osatutako epaimahai bat dagoeneko ari da hiriko establezimenduak bisitatzen, eta haietan diren pintxo batzuk modu anonimoan probatzen. Onenek eskurauko dituzte Urrezko eta Zilarrezko Barandak.