Santa Klarako itsasargia birgaitzeak 1,4 milioi euroko kostua izango du
Moyua eraikuntza enpresa arduratuko da Santa Klarako itsasargia birgaitu eta berritzeaz. Kontratuaren adjudikazioaren prezioa 1,4 milioi eurokoa da, eta enpresak sei hilabeteko epea izango du lanak egiteko. Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak duela gutxi egindako aurreikuspenaren arabera, itsasargiko azken kostua 4,29 milioi eurokoa izango da.
Itsasargiaren hustutzeaz enpresa berbera arduratu zen, eta obra-hondakinak irlatik ateratzeko helikoptero bat erabili zuten. 80 bidaia egin zituen 50 tona hondakin eramateko Pasealeku Berrira.
Hemendik aurrera, itsasargiaren barrualdea birgaitzen hasiko dira. Lanen helburua da Cristina Iglesiasen eskultura kokatzeko barrualdea egokitzea. Azkenik, brontzezko eskultura jarriko dute bertan, artista donostiarrak diseinaturikoak eta Alfa Arte enpresak fabrikaturikoa.