Turismo Bulego berria udaletxean jartzeko proiektua onartu dute
Donostiako Udaletxean kokatuko dute Udal eta Foru Turismo bulego berria. Zehazki, eraikinaren ekialdean egongo da, beheko solairuan, eta publikoari arreta emateko zerbitzua izango du. Proiektua Manu Atristain arkitektoak idatzi du, 1,7 milioi euroko aurrekontua du, eta lanek 7 hilabete iraungo dute.
Bulego berriak bi sarbide izango ditu, eta biak eraikinaren ohiko sarreretatik bereizita egongo dira. Hortaz, Bulebarretik eraikinak zuen sarrera berreskuratuko da, Pilato-ren balkoiaren azpian. Bigarren sarrera, berriz, Alderdi Ederreko terrazan egongo da, eta horretarako, liburutegira sartzeko igogailua aldatuko da.
Hiru gune izango ditu bulegoak: sarrera, arreta turistikoa eta informazioa, eta kudeaketa bulegoak. Sarreran, harrera gunea, materiala saltzeko gunea, eta aldi baterako erakusketak edota eskaintza turistikoak egiteko gunea egongo dira.
Arreta eta informazio gunea
Bulegoaren jarduera nagusia izango da arreta turistikoa eta informazioare gunea. Arretarako mostradoreak egongo dira, arreta bereziagoa behar duten informazio eskaerei erantzuteko gunea, eta hainbat mahai eta mostradore ordenagailu eta tabletekin informazio turistikoa kontsultatu ahal izateko. Gainera, arretarako mostradoreen ondoan, kudeaketarako bulegoak egongo dira, hain zuzen ere, arreta egiten ari diren langileekin konexio zuzena duten bulegoak. Bestalde, udal kudeaketarako bulegoak hartzeko gunea izango du. Eta bertan, barne lana egiten duten langileak egongo dira.