"Donostiar guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, guztientzat lan egin dudalako"
Donostiako Udaleko kargu guztiei uko egin die sozialistak, urtarrileko udalbatzarrean. Astelehenean Madrilera doa Espainiako gobernuarentzat lan egitera.
Agur esateko hitza hartu du Ernesto Gascok udalbatzar aretoan, eta eskerrak emateko aprobetxatu du: “Donostiar guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, guztientzat lan egin dudalako”. Hasteko, ordea, Pio Barojaren hitz batzuk gogora ekarri ditu. “1917an adierazi zuen gipuzkoarra eta donostiarra zela. Lehena gustuko zuela eta bigarrena ez horrenbeste. Niri, berriz, biak gustatzen zaizkit, eta batez ere bigarrena”. 22 urte egin ditu udalean, eta 18 urte egin ditu udal gobernuan. “Harro nago legealdi batean izan ezik, udal gobernua beste alderdi batzuekin konpartitu dudalako. Beste pentsakera bateko alderdiekin lan egin dut eta akordioak lortu ditut. Asko ikasi dut besteetaz. Desberdintasun guztien gainetik, Donostiarekiko dugun pasioak elkartzen gaitu”.
Bizitako momentuak oso presente dituela nabarmendu du Gascok, emozio handiarekin: “Udal batzar honetan momentu politiko oso garrantzitsua bizi izan ditut”. Zinegotzi gisa udalean sartu zen garaia ere gogora ekarri nahi izan du. “1995eko uztailean egoera oso zaila zen, gorroto asko zegoen eta indarkeria egoera batean bizi ginen. Gauzek, ordea, nabarmen egin dute hobera, eta bakean joan naiteke”. Horri loturik, Udaltzaingoari eta bizkartzainei eskerrak eman dizkie “hamar urtez” bera babesteagatik.
Barkamena ere eskatu du sozialistak. “Irainduak eta kaltetuak sentitu direnei barkamena eskatu nahi diet. Nire erabakiekin, seguru hanka sartu dudala, eta horrelakorik gertatu denetan baten bat gaizki sentitu bada, barkamena eskatu nahi diet”.
Zorte ona opa diote
Txalo zaparrada jaso du Gascok, eta besarkada bana eman die zinegotzi guztiei. Ondoren, udal talde bakoitzeko bozeramaileek hartu dute hitza. Hain zuzen ere, guztiek hastear duen abentura berrian zorte ona opa diote. “Mila esker zure hitzengatik, batez ere, barkamena eskatzeagatik izan dituzun jarrera batzuengatik. Guretzat berezia da hori. Aldi berean, egun berezian zoaz, oposizioko alderdiei hitza mugatuko dienean udal gobernuak udalbatzarreko araudia aldatzeagatik”, adierazi du Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiako zinegotziak. “Garai zailetan hartu zenuen konpromisoa, eta egindako esfortzua zor dizugu. Plazerra izan da zurekin lan egitea”, esan du Borja Corominasek, PPko bozeramaile izendatu berriak.
Parte hartze bereziena Marisol Garmendia sozialistarena izan da. Gascoren agurraren ondoren, Garmendia da PSE-EEko udal taldearen bozeramaile berria. “Sebastian bat bada zeruan, Ernesto Gasco bakarra munduan”, esanez hasi da. Urte hauetan guztietan egindako “lan ona” azpimarratu, eta hirian sustaturiko proiektuak Madrileraino eramango dituztela esan du. Hala nola, Smart Kalea eta Alderdi Ederreko noria. “Madrilera ala gerrara zoazen ez dakit”, esan du Reyes Carrere EH Bilduko bozeramaileak. “Politika ikuspegitik, hiri turistifikatua eta ezkerretik aldeduan uzten duzu. Aldarrikatzen duzun parte hartze gehiago behar du hiriak gauzak erabakitzeko. Pertsonalki, berriz, ez dut bainarik jartzeko”.
Bukatzeko, Eneko Goiak barkamena eskatu du udalbatzarraren araudia “hautsi” duelako, baina “arrazoi on” batengatik. “Uste dut bizitzan badaudela momentu batzuk malguagoak izan behar direnak. Azken batean, areto honetan gaudenak pertsonak gara”, esan du alkateak. Gascoren ibilbidea eta konpromisoa azpimarratu ditu. “Ia bederatzi urtez egokitu zait berarekin lan egitea, eta argi geratu zaidana da Donostia maite duela. Ez gara beti ados egon, baina denbora honetan gai izan gara gauzetaz hitz egin eta akordioetara iristeko”.
Gascoren agurrarekin batera, Borja Senperren kargugabetzea ere berretsi dute udalbatzarrean udal talde guztiek. PPko bozeramaile ohiak ez du parte hartu gaurko saioan.
Ibilbide luzea
Zinegotzi gisa 22 urte egin ditu Gascok udalean. Hain zuzen, 1995etik da Donostiako zinegotzia. 1999, 2003, 2007, 2011, 2015 eta 2015eko udal hauteskundeetan parte hartu zuen. Odon Elorza alkatearen aroan (1991-2011 urte bitartean), hainbat ardura izan zituen udal gobernuan. 2011ean Bilduk udal hauteskundeak irabaztean, sozialisten oposizioko bozeramailea izan zen.
2015ean, berriz, EAJk hauteskundeak irabazi ostean, udal gobernura itzuli zen, jeltzale eta sozialisten arteko gobernu akordioari esker. Alkateorde, Garapen Ekonoikoko, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzia izan zen 2015 eta 2019 urte bitartean. Azkenik, iazko udal hauteskundeetan PSE-EEk emaitza txarrak izan arren –hirugarren indar bozkatuena izan zen–, Gascok udal gobernuan jarraitzea lortu zuen jeltzale eta sozialisten gobernu akordioa berretsi ostean. Garapen Ekonomikoko, Enpleguko eta Turismo Sostengagarriko zinegotzi izendatu zuten, bigarren alkateorde karguarekin batera.
Bestalde, 2008ko Espainiako hauteskunde orokorretan diputatu izendatu zuten. 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondorioz osaturiko PSE-EEko gobernuan, garraioetarako kontseilariorde izendatu zuten. Gobernu aldaketarekin bere kargutik kendu zuten.
Astelehenetik aurrera Espainiako gobernuan egingo du lan, haurren pobreziaren aurkako Goi Mandatari gisa.