Iztuetako zubibidea lehen hiruhilekoan eraisten hasiko dira
Egia Bizirik auzo elkarteak udalarekin bilera egin du, arazoen berri eman, eta auzorako aurreikusita dauden proiektuen berri izateko. Plaza Haundiko estalkiaren proiektua kolokan dagoela esan diete, eta kendutako kantxa ez dela Blas de Oterora itzuliko, besteak beste.
Urtero bilera bat egin ohi du Donostiako Udal Gobernuak auzo elkarte bakoitzarekin. Egia Bizirik auzo elkartearen txanda pasa den astean izan zen, eta Mugikortasun, Hirigintza eta Partaidetza zinegotzi zein teknikariekin elkartu ziren. Mahai gainean jarri zituzten auzoaren arazoak, eta aurreikusita dauden proiektu zein azpiegiturak. Esaterako, bileran adierazi zieten Iztuetako zubibidea eraisteko proiektua aste gutxi barru adjudikatuko dela. Martxoa inguruan lanekin hasiko direla aurreratu zieten udaleko ordezkariek.
Iztuetako pasabidea kentzea da auzoarentzako proiektu garrantzitsuetako bat, eta udalaren aurreikuspenak betetzea gustatuko litzaioke Egia Bizirik auzo elkarteari. Ordea, badira beste bi proiektu ere garrantzia berezia dutenak. Horietako bat da Plaza Haundiko estalkiaren berritzea. Une honetan, kolokan dagoela dio Egia Bizirikek. Estalkia berritu ahal izateko, beharrezkoa da udalaren eta plazaren azpiko garajeen jabeen arteko akordioa. Bi aldeak ez dira ados jarri, eta ez dirudi jarriko direnik. Ondorioz, udalak ordezko proiektu bat landu beharko du.
Plaza Haundiko estalki berriaren gaia urteak daramatza lantzen Egia Bizirikek. 2016ko otsailean, auzoko arkitekto eta aparejadore batzuen laguntzaz, eta bizilagunekin abiatutako urtebeteko gogoeten ondoren, egokitze proiektu bat osatu zuten auzo elkartekoek. Lau urte luzeren ondoren, bertan behera gera daiteke.
Blas de Oteroko kantxari buruz ere aritu ziren bileran. Azaroan jolasgunea kendu zuten, udal artxiboa jartzeko lanengatik. Rotetara eraman zuten, eta han geratuko dela dirudi. Udalak lanak bukatzerakoan zer egin erabakiko zuela adierazi zuen. Dena dela, Egia Bizirik auzo elkarteari adierazi zioten kantxa ez dela lehengo lekura itzuliko.
Hitzezko akordioa
Aldakoneako hirigintza proiektua iragarri zenetik, urte eta erdi igaro da. Egia Bizirikek Hirigintza saileko teknikariei proiektuaren txostena eskatu eta horrelakorik ez zegoela erantzun zieten. Alegia, hitzezkoa zela 2018ko uztailean udalak eta Kutxa Fundazioak aurkeztu zuten hitzarmena. Udalak proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa duela jakinarazi zieten auzo elkartekoei. Horiek horrela, proiektuaren tramitazioan bizilagunen parte hartzea bermatzeko eskatu dute.
Udalarekin izandako bileran auzoko beste azpiegiturez ere hitz egin zuten. AHTaren tren geltoki berriaren obrek eragingo dituzten afekzioen aurrean, udalak Egiako auzotarrei Erdialdera iristeko bideak ahalbidetzeko eskatu zieten udal ordezkariei.
Hiriko laborategia
Azkenaldian hainbat erakunde eta eragilek Egian analisi, diagnostiko eta ikerketa ugari egin dituzte. Adibidez, adineko pertsonei laguntzeko Lkaleak egitasmoa. Egia Bizirik ez dago horrelakoen aurka, baina proiektu horiek bateragarriak eta auzotarrentzat erabilgarriak izatea eskatu dute. Zahartzaroaren gaiari loturik, irisgarritasun plan orokor bat egiteko eskatu dio auzo elkarteak udalari.