Eguzkiren arabera, metroaren lanek eragin dituzte Igara errekako isuri kutsakorrak
Antiguako Zarautz hiribidean zulaketak egiten ari dira, eta Eguzki talde ekologistak salatu du lan horiek sorturiko hondakinak zuzenean errekara bota dituztela, behar bezala tratatu gabe. Itsasgorak hondakinak errekan gora eraman ditu, eta agerian geratu direla azpimarratu du Eguzkik.
Astelehenean, Igara errekako urek kolore zurixka zutela ohartarazi zuten. Batez ere, Tolosa Hiribidearen alboan gertatu dela salatu zuten, Nanogunearen eta unibertsitateen parean. “Legez kanpoko isurketak salagarriak dira beti, baina metroa obra publiko adierazgarria dela kontuan izanda, are gehiago. ETSri, proiektuaren sustatzaile gisa, gertatutakoaren azalpen publiko zehatza eskatzen diogu. Are gehiago, dagoeneko azalpena emanda egon beharko litzateke, ETSren asmoa isurketa horiek ahal dela oharkabean pasatzea ez bazen, behintzat”, adierazi dute.
Era berean, udalari eta URA Euskal Agentziari eskatu diote ETS zigortzeko, “batez ere kontuan izanda ez omen dela izan obra honek legez kanpoko isuriak egin dituen lehen aldia”. Zigor horiek ere publikoak izan behar direla uste dute, herritarren diruarekin egiten diren obrak direlako.
Eguzkik herritarrei ere mezu bat zuzendu diete: “Isurketen berri baldin badute, salatzera animatzen diegu. Egia da ohituta gaudela ibaiak kolore guztietakoak ikusten, eta, ondorioz, askotan isuri kutsakorrak oharkabean eta guzti pasatzen zaizkigu. Baina ezin dugu etsi, ezin dugu normaltzat jo normala ez dena. Isurketa bat salatzeko, 112 telefonora deitzea da errazena eta eraginkorrena”.