Udal gobernuak oposizioaren lana mugatu eta donostiarrei hitza ukatu nahi diela salatu dute
EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk premiazko mozio bat aurkeztu dute udalbatzarreko araudiaren aldaketa proposamena dela eta. Udal gobernuak ez du onartu.
Hilaren 21ean udalbatzarren araudia aldatzeko proposamena onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak. EH Bilduren, Elkarrekin Donostiaren eta PPren udal taldeen arabera, araudi aldaketak oposizioaren lana mugatu nahi du eta donostiarrei hitza ukatu. Horri buruz hitz egiteko urtarrileko udalbatzarrean premiazko mozio bat aurkeztu dute, baina udal gobernuak atzera bota du udalbatzan duen gehiengoa baliatuta. Batzordeetan hitz egiteko aukera izango dutela adierazi du EAJko bozeramaile Jon Insaustik.
Hain zuzen ere, oposizioko hiru alderdiek kritikatu dute udal gobernuaren jarrera. Araudi aldaketarekin, kontrolerako mozio kopurua mugatu ahal izango da, eta gainera, udal gobernuak izango du azken hitza eztabaida guztietan. Udalbatzarreko goizeko saioan oso presente izan dute araudiaren aldaketa proposamena.
Eztabaida sare sozialetara eraman du EH Bilduk, eta Eneko Goia alkateari egotzi dio araudia malgutzeko erabakia. “Oposizioaren lana eta, oro har, herritarren parte-hartzea oztopatzeko aldaketa bat da. Udalbatzarrak bi funtzio nagusi ditu: arauak onartzea eta Udal gobernuari kontrola egitea. Kontrolaren funtzioa mugatzen denean atzera pausu antidemokratiko baten aurrean gaude”, azaldu du udal taldeak. Opozioaren lana mugatzearekin batera, herritar zein eragileen hitza mugatu nahi dutela salatu dute: “Zinegotziek, askotan, auzo elkarteen salaketak, kultur talde baten kexa, guraso batzuen proposamena… ekartzen dituzte plenora. Orain, oztopo berriak jarri nahi dituzte herritarren ahotsa plenora ez iristeko”.
Eztabaidetan azken hitza udal gobernuak izatearen inguruan, EH Bilduk adierazi du “autoritarismoaren sintoma garbia” dela. “Eztabaidaren funtsa baldintzatzen du, interpelatua interpretatzaile bihurtzen delako. Oposizioa kontrolatzeko udalbatzarrak izango ditugu hemendik aurrera”.