Zartagin hotsak Donostian
Antzinako tradizioari jarraituz, kaldereroek 1884tik alaitzen dituzte Donostiako kaleak San Sebastian egunaren ondoren. Danborradaren eta inauterien arteko jaia dira, eta hainbat geldialdi eta aldaketa izan dituzte historian zehar.
Donostiako kaldereroen konpartsako hainbat kide jai giroan, Konstituzio plazan, 1925ean. (Argazkia: Kutxateka) Ohikoa zen XIX. mendean Donostiara Europako erdialdeko familia eta tribuak iristea, eta herritarren metalezko tresnak konpontzen egiten zuten lan. Haien jantziak eta lanbidea imitatzen hasi ziren donostiarrak, eta horrela sortu ziren kaldereroak.
Donostiako kaldereroen lehenengo erreferentzia 1828koa bada ere, 1884an hasi zen kalera ateratzen lehenengo kalderero konpartsa ofiziala. Hungariako Kaldereroen Konpartsa zen hori –Hungariako Galdaragileen Konpartsa Primitiboa, gaur egun–, eta Parte Zaharreko kaleetatik ibiltzen zen Raimundo Sarriegiren kantak abesten, zartagin eta mailu hotsekin lagunduta. Kandelario egunean irtetzen ziren hasieran, baina gaur egun otsaileko lehenengo larunbatean ateratzen dira.
1886an Sarriegiren Begi urdin bat abestia estreinakoz euskaraz abestu ondoren, ez zen konpartsarik egon 1900. urtera arte. Beste hainbat geldialdi egon dira historian zehar, kaldereroen ardura hainbat elkarteen eskuetatik pasatuz. Aldaketak ere izan ditu jaiak, hartzaren pertsonaia, esaterako, 1920ko hamarkadan sartu baitzuten konpartsan. 1970eko hamarkadatik hona era erregularrean atera dira kalera.
Emakumeak kaldereroetan
120 urtez Hungariako Kaldereroen Konpartsan emakumeek bigarren mailako rola izan zuten. Auzo batzuetan sortutako konpartsetan emakumeek gizonen rol berak zituztela ikusita, konpartsa historikoan ere horrela izatea aldarrikatu zuten emakumeek 2004an.
Bozketa egin zuten konpartsa barruan, eta gehienek ordura arteko moduan jarraitzearen alde egin zuten. Horregatik, konpartsa misto bat sortu zuten udalaren babesarekin: Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala. 2005ean atera zen lehenengo aldiz konpartsa hori kalera, eta Parte Zaharreko konpartsa misto bakarra izaten jarraitzen du.

