Aparteko bi bakarrizketa, III. Korner jaialdiari hasiera emateko
Otsailaren 9tik 15era izango da III. Korner, Kultura & Futbola jaialdia. Kultura eta futbola uztartuko ditu berriro Ernest Lluch kultur etxeak Donostia Kultura eta Real Sociedad Fundazioarekin batera antolatutako jaialdiak. Gaur aurkeztu dute programazio osoa, eta jarduera gehienak Ernest Lluch kultur etxean eta Antzoki Zaharrean izango dira.
Berrikuntza gisa, jaialdiaren lehen egunean, hilaren 9an, egingo dituzten Monologolak daude. Jaialdirako propio idatzitako bi bakarrizketa dira, eta gai nagusitzat dute futbolaren eta bertsolaritzaren arteko “pikea”. Zuhaitz Gurrutxaga da horietako baten egilea eta antzezlea, eta Onintza Enbeitak bi ahotsetarako bakarrizketa idatzi du Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairentzat.
Otsailaren 9an Anoetan jokatuko duten Realaren eta Athleticen arteko partida dela eta, Antzoki Zaharrean egingo dute Bertso Derbia, eta horren hitzaurre gisa prestatu dituzte bakarrizketak. “Zuhaitz Gurrutxaga aktore eta futbolista ohiak, alde batetik, eta Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai bertsolariek, bestetik, derbi berezi bat jokatuko dute: monologo formatuan futbola eta bertsolaritzaren arteko lehia taularatuko dute”, azaldu dute antolatzaileek.
Aurtengoa, XIV. Bertso Derbia izango da, eta saioaren protagonistak izango dira Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Jon Maia, Xabi Paya eta Julio Soto. Hiruna bertsolari realzale eta athleticzale arituko dira derbi berezian, eta Saroi Jauregi izango da gai jartzailea. Kartela Usandizaga BHIko Diseinu grafikoko zikloko Carla Schmidt ikasleak egin du.
Era berean, antolatzaileek nabarmendu dute Donostia Kulturarekin elkarlanean, eta “Korner jaialdiarentzako propio” sortu duten Borobil Teatroaren antzezlan berri baten estreinaldia: El Txiringo. Anartz Zuazuak zuzendu du, eta Joseba Apaolazak, Asier Hormazak eta Asier Sotak antzeztuko dute. “Egungo kirol solasaldien parodia da El Txiringo“, azaldu dute.
Aurtengo jaialdian eztabaidak, zinema eta literatura ere eskainiko dute. “Talentua bikaintasunera nola iristen den aztertu, futbolaren eta poesiaren arteko harremanez hitz egin, eta Txillida Leku bisitatuko da, Realeko atezaina ere izan zen artista donostiar bikainaren obran futbolak izan duen eragina gogoratzeko”, iragarri dute antolatzaileek. Jarduera guztiak, El Txiringo obra izan ezik, doakoak izango dira edukiera bete arte. Txillida Lekun programatutako jardueran beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea.
III. Korner, Kultura & Futbola jaialdiaren webgunean aurki daiteke egitarau osoa.