Ondarea babesteko plan berezian 210 elementu berri sartu dituzte
Urte eta erdiko berrikuspenaren ostean, 1.310 elementu izango ditu Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak (EHOBPB) –PEPPUC izenez ezagunagoa–. Donostiako Udalak 210 elementu berri jasoko ditu babestu beharreko eraikinen katalogoan. Horietatik gehiengoak txaletak dira.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak eta Jon Txabarri Hirigintza zuzendari berriak prentsa agerraldia egin dute xehetasunak emateko. Planaren berrikuspenak 2018ko aldaketa puntualari egindako alegazioei erantzuna ematen die. Orduan, 50 elementu berri sartu ziren katalogoan. “Aldaketaren ondorioz, lehen katalogoan ez zeuden elementuak sartu dira, eta era berean, katalogoan zeuden hainbaten babes maila igo da”, azaldu du Arzallusek.
600 elementu inguru aztertu ditu udalak, eta irizpide berriak aplikatu dira –esaterako, paisaiaren ikuspegitik balorazioa eta interes kolektiboa–. Aurrez aintzat hartu gabeko elementuak aztertu dira oraingoan. Besteak beste, bizitokiak, komentuak, ekipamenduak, baserriak, etxeak, ataria eta arkitektura garaikidearen elementu bereizgarriak.
Babes mailak
Eraikitako ondarean plan bereziak hainbat babes mailatan sailkatzen ditu elementuak. A babes maila dutenak udalaren eskumenetik goragoko maila batean katalogatutakoak dira. Oraingoan, maila hori jaso dute katalogoan Villa Aldamak, Loiolako lorategi-hiriak eta Uliako Soroborda eta Buskando ur-biltegiek, besteak beste.
B babes mailari dagokionez, 15 elementu berri sartu dira plan berezian. Zehazki, C maila zuten hainbat elementuri babes handiagoa jarri zaie. Besteak beste, ondorengoak dira: Equitativa eraikina, Getaria 2, Prim kaleko hainbat eraikin eta Kursaal eraikina. C mailan, aldiz, 22 eraikin berri sartu dira, eta horien artean daude Moneoren Urumea eraikina, Heriz pasealekuko apaiztegia, Mundaizko EUTGren multzoa, Renferen geltokiko eraikin multzoa eta Tenis eremua. Azkenik, 200 elementuri D babes maila eman zaie.
Arte Ederren eraikinaren inguruan berritasunak ez dagoela adierazi du Txabarrik. Gaur egun, C babes maila du eraikinak, eta horrek soilik kanpoko egitura babesteko balio dio.
Ondarea babesteko planaren aldaketari bihar emango diote hasierako onarpena, eta gerora bi hilabeteko epea egongo da helegiteak aurkezteko. Parte hartze publiko bat abiatuko dutela azpimarratu du Arzallusek. Behin betiko onarpenerako eperik ez du zehaztu.