Txomingo urbanizaziorako ziren 1,6 milioi euro Santa Klara irlako eskulturara bideratu dituztela salatu dute
Donostiako Udaleko Hirigintza saileko aurrekontua aldatu dutela salatu du Txomingo Lan Berri Auzo Elkarteak, auzoko urbanizaziorako ziren ia 1,6 milioi euro Santa Klara irlako interbentzio artistikora bideratu dituztelako. Auzo elkarteak zabaldutako komunikatuan azaltzen dutenez, diruaren desbideraketa egiteko erabilitako mekanismoak legezkoak direla ulertzen dute, baina ez dute horren “motibazio politikoa” ulertzen, are gehiago irlakoak donostiar batzuen artean “arbuioa” sortu duenean. Gainera, nabarmendu dute Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia dela diru desbideraketa horren sinatzailea, eta Arzallusek ez duela bisitarik egin auzoan kargua hartu zuenetik, iazko ekainetik. Auzo elkartearen arabera, zinegotziak ez du bete Txomingo urbanizazio lanen baldintza-agirian hitzartutakoa, baldintza horietan aurreikusten baitzen bi hilabetean behin bizilagunekin bilera irekiak egitea.
Udalak iazko azaroan onartu zuen Txomingo urbanizazioko aurrekontuko 1.589.339,23 euro Santa Klara irlan Cristina Iglesias artista egiten ari den eskulturara bideratzea. Izan ere, interbentzio artistikoko aurrekontua handitu beharra zegoen, eta, udalaren arabera, Txomingo urbanizazioko aurrekontua gehiegizkoa zen. Horregatik, diru kantitate hori Txominetik Santa Klarara desbideratu zuten, udalbatzarrean bozkatu gabe. Horren harira, EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen urtarrileko udalbatzarrerako, auzo elkartearen eskaerak jasoz, eta, zehazki, udal gobernuari hiru eskaera eginez: bizilagunei auzoko lanen inguruko informazioa emateko mekanismoak hobetzeko, lanen inguruko segurtasuna bermatzeko kontrol neurriak indartzeko, eta Artelekuko ekipamendua funtzionamenduan jartzeak hartuko duen denbora ikusita, auzoko Haurtxokoan hobekuntzak egiteko, erosotasun baldintza minimoak izan ditzan. Lan Berriren arabera, ordea, EAJren eta PSE-EEren udal taldeek mozio horren aurka bozkatu zuten.
Izan ere, auzo elkarteak lanetan erabilitako material batzuen kalitate urria eta segurtasun falta salatu du baita ere, besteak beste. Era berean, “gehiegizko aurrekontu” auzoak dituen beste behar batzuk asetzeko ez erabili izana salatu dute bizilagunek, urbanizazio lanek “etengabe hutsuneak aurkezten dituen bitartean”. Gainera, udal gobernuak Arteleku Plazako kultur eta kirol ekipamendua eraikitzeko konpromisorik ez duela hartzen nabarmendu du auzo elkarteak, eta gobernuarentzat irlako eskulturak auzoek baino garrantzia handiagoa duela ondorioztatu dute: “Garrantzitsuagoa da irlako eskultura hiriko auzoak baino? Bada, dirudienez, udal gobernuarentzat bai”.