Martxoan hasiko dituzte Loiolako zeharbidea bulebarrean bihurtzeko lanak
Proiektua onartu eta urtebetera adjudikatu ditu Loiolako zeharbideko lanak Donostiako Udalak. Obra 14 hilabeteko epean egin beharko du Travesia Loiola enpresa elkartzeak, eta 5.896.631 euroko finantzaketa izango du. Eneko Goia alkateak adierazi du, ondo bidean, martxoan hasiko direla lanak, eta beraz, 2021 erdialderako bukatuta egotea aurreikusten da.
Proiektua findu eta egokitzea “konplexua” izan dela esan du Goiak, baldintza asko zituztelako. Horrela ere, bizilagunen eskaerak aintzat hartuta, aurrera atera dutela nabarmendu du. Gogoratu behar da Loiolako hainbat bizilagun kexatu zirela bulebarizazioarekin aparkalekuak gutxituko direlako.
Lur gaineko 86 aparkaleku sortuko dituzte. Horietako 50 Loiolako Erriberako biribilgunearen eta tren geltokiaren artean egongo dira. Gainerako 36 aparkalekuak, aldiz, Jauregiberri bide berrituak. Horrez gain, garaje eta zamalanak sartzeko bidean beste 37 aparkaleku jartzea aurreikusten du proiektuak. Auzotarrek gauean ibilgailua aparkatu ahal izango lukete aipaturiko gunean.
Hiru bide
Bulebar berriak hiru bide izango ditu; bi Loiolako Erriberako norabidean, eta bakarra, Txomiñeneko norabidean. Mendebaldean bidegorria izango du, eta zuzeneko bidea egingo du Urdinzuko zubia bitarte. Aldi berean, zeharbidearen mendebaldeak igogailua izango du, eta Ariztigaiña kalearekin izango du lotura.
Txikiagoa izango da ibilgailuentzako gunea, eta beraz, oinezkoek eremu zabalagoa izango dute. Ardatz berria izango du zeharbide berrituak. Hau da, gune zabalak eta lorategiak. Era berean, egungo Euskotren geltokiaren aurreko plazarekin lotura izango du. Plazan hainbat jarduera egiteko aukera egongo da. Hala nola, azokak, jokoak eta kontzertuak.