6,7 milioi euroko aurrekontua izango du 27 Industrialdeko sarbide berriak
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur onartu du GI-2132 errepidea, Astigarraga parean, Martuteneko 27 Industrialdearekin lotzeko proiektuaren kontratazio espedientea. Oinarrizko aurrekontua 6.709.300,98 eurokoa da (%21eko BEZa barne), eta lanak egiteko hamar hilabeteko epea ezarri dute.
“Gaur egun sarbide bakarra du, GI-40 errepidean dagoen biribilgune batetik egiten dena. Proiektu honen helburu nagusia bide horretako trafikoa arintzea da”, azaldu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. “Sarbide berriak edukiera handiko sarearekin lotune ia zuzena eratzea ekarriko du. Honek asko arinduko du gaur egungo biribilguneak jasaten duen trafikoa”.
Proiektuak lotura erdi bat egitea proposatzen du GI-2132 errepidearen 7,200 kilometro puntuaren parean, Astigarragako Bidebitarte biribilgunetik industrialdera, eta industrialdetik biribilgune horretarako mugimenduak ahalbidetzeko. Horrela, gaitasun handiko sareko sarbidea ahalbidetzen da. “Bide berri bat sortuko da lotura erditik, zeinak Petritegiko bidea gurutzatuko duen; ondoren, Astigarragako Galtzaur auzoa eta Antondegi gaina inguratuko ditu; eta, azkenik, 27 poligonoko Ubarburu pasealekuari lotuko zaio”, esan du Mendozak.
Sarrera berriaren irekierak mesede egingo dio GI-40ko zirkulazioari, ibilgailu kopurua murriztu eta hauen fluxua hobetuko baitu. Donostia eta Astigarragako udalek egindako eskariei erantzuten die proiektuak, industrialderako sarrera-irteerak eta inguruko trafikoak arintzeko neurriak eskatzen baitzituzten.