Artzain Onaren lanetarako udalak 400.000 euro gehiago bideratu dituela salatu du EH Bilduk
“Eneko Goiak beste 400.000 euro eman dizkio Munillari aurrekontuen eztabaidatik pasatu gabe”, adierazi du EH Bilduren udal taldeak ohar bidez. Hain zuzen ere, Artzain Onaren dorrearen argiztapena diruz laguntzeko 400.000 euroko aurrekontu-saila onartu zuen Donostiako Udalak, 2019a bukatu aurretik.
Artzain Ona katedraleko dorrearen berritze lanetarako diru gehiena erakunde publikoek jarri dute – zehazki, %87,5–. Gainerakoa Jose Ignacio Munillak gidatzen duen Donostiako Elizbarrutiak jarri du –%12,5–. EH Bilduk gogorarazi du obraren hasierako aurrekontua 1,5 milioi eurokoa zela, eta horietatik %12,5 aurrekontuen bidez finantzatu behar zuela udalak. “Hau da, 200.000 bat euro, 2019ko eta 2020ko ekitaldietan banatuta. Hala ere, nahasmena iritsi da egiaztatu ahal dugunean udalak beste 400.000 euroko partida eman duela. Aurrekontua bikoiztu dute”.
2019ko abenduaren 31n Ogasuneko ordezkariak sinatu zuen Artzain Onaren argiztapenerako 394.958,50 euroko aurrekontu-saila sortzea. Udal-kontingentziarako funtsetik bideratu zuten diru hori. “Gogoratu behar da funts hori aurrekontuan egiten denean aurreikusi gabeko premiazko gastuak ordaintzera bideratuta dagoela. Artzain Onaren dorrea berritzeko proiektua ezaguna zen aurrekontuak egin zirenean, eta diru laguntzaren urgentzia ere ez dugu justifikatuta ikusten”, azaldu du EH Bilduk.
Aurrekontuaren inguruan, udal taldeak gaineratu du Artzain Oneko argiztapena “lehenetsi” dela beste proiektu batzuen aurretik. Esaterako, udal gobernuak Larrotxene kultur etxea birgaitzea 2020ko aurrekontutik kanpo utzi duela adierazi dute, Viktoria Eugeniaren fatxadan txukuntze lan bat egitea “hobetsi” dutelako.
Goia alkatearen kudeaketa eredua “gero eta antidemokratikoagoa” bihurtzen ari dela salatu du EH Bilduk. “Baliabide publikoen kudeaketa kontrolatzeko mekanismoak behin eta berriz saihesten ari da, eta erakunde publikoen kudeaketa zuzendu beharko luketen gardentasun eta informazio printzipioak lurperatzen ari da”. Ildo horretatik, Txomingo Lan Berri auzo elkarteak egindako salaketa gogora ekarri dute: “Udal gobernuak ia 1,6 milioi euroko aurrekontu-aldaketa bat egin duela, Txomin Enea auzoa urbanizatzera bideratuak zeudenak baina Santa Klara uharteko itsasargiaren obra artistikorako transferituak izan direnak”.