Koldo Mitxelena udaberria bukaeran itxiko dute berritze lanekin hasteko
9 milioi euroko aurrekontua izango du, eta udaberria bukaeran hasiko dira lanak. 2022 urte bukaerarako KMK berria irekitzea aurreikusten du aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Koldo Mitxelena Kulturunearen berrikuntza proiektua aurkeztu du. 9 milioi euroko aurrekontua izango du, eta udaberria bukaeran hasiko dira lanak. 2022 urte bukaerarako KMK berria irekitzea aurreikusten du aldundiak. Bitarte horretan, zentroak bere zerbitzu gehienak eskaintzen jarraituko du Donostiako Erdialdeko eta Parte Zaharreko espazioetan, eta Oñatiko Artxiboan.
Etorkizuna Eraikiz programan jasotako proiektu estrategikoetako bat da KMK berria. 7.434,57 metro koadroko azalera eraikia izango du, eta 6.310,31 metro koadroko azalera erabilgarria. XXI. mendeko kultura ekipamendu baten eskakizunetara egokitzeko beharrari erantzuten dio proiektuak, eraikina egokituz eta hobetuz, betiere zentroak kultura arloan erreferente gisa duen posizioari eusteko. “XXI. mendeko liburutegi bihurtuko da, beste alderdi batzuen artean, liburutegiaren espazioa handitu eta teknologia berrien aldeko apustu garbia egingo baita”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak.
Ezaugarriak
Berritze arkitektonikoari esker, zentroak hobekuntza ugari izango ditu. Zirkulazio bertikala hobetuko dute, jarduera guztietara iristeko erabiliko den eskailera bakar batekin, sototik (-1 solairua) Ganbararaino (3. solairua, teilatupean), eta mugikortasuna errazteko kapazitate handiko bi igogailurekin. Zirkulazio ardatz horri esker, jarduerak lotu daitezke, kultur zentro integratu baten ikuspegitik, bai eta erabiltzaileengana hurbildu ere. Eraikina eskuragarriagoa, erosoagoa eta atseginagoa izango da zerbitzu guztiak erabiltzeko.
Sotoko solairua (-1 solairua), erakusketa gaietarako prestatua, beste modu hobeago batean antolatuko da, eta banaketa horri esker, erakusketa / jarduera bat baino gehiago eskaini ahal izango dira aldi berean (915 m2-ko egungo tamaina mantentzen du). Sarrerako solairua (0 solairua) atondo (hall) eta KMKko jarduera eta zerbitzu guztietarako banatzaile bihurtzen da, informazio puntua duen gune nagusi batekin, solairu guztietako jarduerak bideratu eta erakusten dituena.
Solairu horretan, mugimendu gehien dituzten jarduera eta zerbitzuak eskaintzen dira, hala nola: jarduera gela, birmoldatua eta publiko guztiei egokitua, prentsaren kontsulta eta aldizkako argitalpenak (213,57 m2), adingabeen irakurzaletasuna dinamizatzeko zerbitzua; orain arte adingabeak ezin ziren zentrora sartu (340 m2), eta atseden gunea / kafetegia, bisita guztientzat irekita egongo dena.
Lehen solairuak, liburutegi zerbitzuen gune nagusiak, bi gune handi ditu, besteak beste. Irakurketarako gela handi bat (470,45 m2), fatxada nagusira (Urdaneta kalea) ematen zuten lehengo areto guztiak hartzen dituena; horrela, lan giro aproposa sortzeaz gain, gaikako dokumentu-funtsen erakusketa jartzeko tokia ere eskaintzen da. Bestalde, eraikinaren 3 patioak lotzen dituen espazio handi bat (388,24 m2), oro har ikuspen ona eskaintzen duena, fikziozko funtsari zuzendua (eleberria, etab.) eta, giro informalean, mailegua eta irakurketa erraztuko dituena. Solairu horren erdigunean informazio zerbitzua dago.
Bigarren solairua ondare funtsak eta funts bereziak kontsultatzeko erabiliko da; egun dagoen espazioa handituko da (egungo 217,82 m2-tik 313,26 m2-ra), eta ikertzaileentzako lan-eremua prestatuko da. Solairu horretan funts tematikoen zati bat aurkituko dugu, etxez etxeko mailegurako erabiltzeko; informazio zerbitzura bideratutako bigarren espazio berri bat; eta talde lanerako edo isilean lan egiteko pentsatutako 5 gela (90,14 m2).
Solairu horretan daude, halaber, zentroaren eta liburutegiaren zuzendaritza eta dagozkion zerbitzu teknikoak. Era berean, solairu horretan dauden kulturako zuzendaritzaren egungo bulegoak beste bulego batzuetara eramanda, 779,09 m2 berreskuratu dira espazio publikorako.
Ganbarari dagokionez (3. solairua, teilatu azpian), hobetu egingo dira erabilera anitzeko aretoaren zirkulazioa eta sarbidea, eta hobeto lotuta geldituko da gainerako jarduera eta espazioekin. Aldi berean, handituko da ganbararako atondo / sarbide berria (93,40 m2) –estalki mailaren gainean–, zirkulazioa nahiz erabilera hobetzeko.