Bollo Santa Ageda egingo dute, Infernutik Parte Zaharrera

Santa Ageda eguna pasa den arren, bada koplak abesteko gogoekin gelditu denik. Hain zuzen, Bollo Santa Ageda egingo dute gaur, Inpernutik hasita. 19:00etan hasiko dute ibilbidea, eta hainbat geldialdi egin ostean, Parte Zaharreko Ikatz kalean amaituko dute festa. Antolatzaileek jakinarazi dute biltzen duten dirua auzi anti-errepresibo feministentzat bideratuko dutela.

Esan bezala, Infernuan hasiko dute jaia, eta han salda hartu eta lehen entsegua egingo dute. Ondoren, 20:00etan, Antiguako batzokian “lehenengo kantaldi mamarratxoa” egingo dute. 20:30ean, Matiako elizan Santa Ageda bollera da izeneko kantu gregorianoak abestuko dituzte. Antigua utzi eta Erdialdera joango dira: La Perlan abestuko dute 21:00etan. Hortik, Bulebarrera joango dira, eta udaletxean egingo dute geldialdia, kantatu eta makilak astintzeko. Azkenik Ikatz kalera joango dira, eta azken koplak joko dituzte.

Antolatzaileek honako oharra zabaldu dute: “baserri-drag edo baserri-queer” jantzita etortzeko eskatu dute.

HITZAkide HITZAkide