Futbola

Geldiezinak dira

Realak Levante garaitu du Superkopako finalerdian eta igandean titulu berri bat irabazteko aukera izango du, Bartzelona eta Atletico Madrilen arteko gaurko finalerdiko irabazlearen aurka.

Reala superkopa finala (Argazkia: Reala)

Granadako finaletik zortzi hilabete besterik igaro ez direnean, titulu berri batekin amesteko eskubidea merezimendu osoz irabazi du Realak. Koparekin bizitako zirrara oraindik presente dute Zubietakoek, eta igandean balentria berri bat lortzeko asmoz aterako dira El Helmantico zelaira, taldearen Superkopako lehen finalean.

Titulua etxera ekartzea ez da erronka erraza izango, baina asteazkeneko finalerdian Realak erakutsi zuen edonoren aurka irabazteko gai dela. Eta are gehiago, partida erabakigarrietan erraldoi bilakatu daitekeela berretsi zuen. Atletico Madrilek Granadan ederki ikasi zuen hori, eta Levantek ere argi ikusi zuen atz0. 

Leire Bañosen gol bakartia nahikoa izan zen finalerako pasea lortzeko. Levantek hasieratik amaierara arte estutu zuen, baina Realak ederki eutsi zion haien valentziarren oldarrari, eta neurketako aukerarik garbienak, azkenean, donostiarrenak izan ziren.

Gauzak horrela, 1-0eko markagailuarekin, Gonzalo Arconadaren taldeak final berri baterako sailkapena lortu zuen Salamancan, eta orain aurrez aurre izango duen aurkaria ezagutzea besterik ez zaio falta. Zalantza gaur gauean argituko dute, Bartzelonak eta Atletico Madrilek 20:00etan jokatuko duten finalerdiarekin.

HITZAkide HITZAkide