Kirk Douglas aktorea zendu da, 103 urterekin
'Espartaco' pelikularen protagonistak Donostia bisitatu zuen 1958an, bere film bat Zinemaldian aurkezteko. Hirian soilik hiru egunez egon zen arren, egonaldi hura ongi aprobetxatu zuela diote.
Douglas, Igeldoko parkean, 1958an Donostian eginiko bisitan. Donostiako Zinemalditik pasatako izar mitikoetako bat itzali da. Kirk Douglas, Hollywoodeko Espartaco ezaguna, 103 urterekin zendu da Beverly Hillseko (Kalifornia, Estatu Batuak) bere etxean. Michael Douglas aktorearen aita aspaldiko aktore horietako bat zen, beste garai batekoa, baina bere filmak betiko gogoratuko dira zinemaren historian, eta baita Zinemaldiarenean ere.
Izan ere, Douglasek Donostia bisitatu zuen 1958an, zinema jaialdian Los vikingos filma aurkeztera etorri zenean. Aktoreak soilik hiru egun pasa zituen hirian, baina egonaldi horretan betiko gordeko diren zenbait irudi eta anekdota utzi zituen. Mikel G. Gurpegui kazetariak bere blogean gogoratu zuenez, Douglasek Igeldoko parkea ezagutu zuen, eta Viktoria Eugenia Antzokiko festa batean sevillanak dantzatu omen zituen ere.
Hala ere, gehienetan berreskuratu ohi den bere argazkia Gaztelubiden atera ziotena da, sukaldariz jantzita, legatza kotzinatzen zuen bitartean. Hiru egun haietan hirian utzitako zapore onarekin gogoratuko du hemendik aurrera Donostiak.

(Argazkia: Kutxateka)


