Realak balentria egin du Bernabeun
Sufrituta lortu du Realak Espainiako Kopako finalerdietara iristea. Bernabeu futbol zelaian Real Madril etxeko taldea hartu dute mendean (3-4). Neurketa ikusgarria izan da, zazpi golekoa, eta txuri-urdinek maila bikaina eman dute norgehiagokaren minutu gehienetan.
Martin Odegaard norvegiarraren golari esker jarri da markagailuan aurretik Reala, 22. minutuan. Atsedenaldira arte mantendu dute errenta, eta bigarren zatian joko onari jarraipena emanez lortu dituzte gainerako golak. Gaueko jokalari erabakigarriak sartu ditu hurrengo biak, Alexander Isak suediar gazteak. Bigarrena 54. minutuan Barrenetxearen jokaldi bikaina baliatuta, eta hirugarrena bi minutu beranduago, 56. minutuan. 0 eta 3 jarri dira aurretik txuri-urdinak, eta Real Madrilek gola egitea lortu du Marcelori esker. Ezustekoari aurre egitea lortu dute berehala, Mikel Merinoren golari esker. Isak gazteak gaua biribildu du, goleko pasea berak eman diolako.
Kanporaketa bideratua zegoela zirudienean, zalantzak eta beldurrak etorri dira, eta Real Madrilek beste bi gol egitea lortu du. Rodrygo eta Nacho arduratu dira zale txuri-urdinen urduritasuna areagotzeaz. Mateu Lahoz epaileak sei minutuko luzapena adierazi du, eta kostata eutsi diote markagailuari txuri-urdinek. Ez da beste ezustekorik egon, eta Realak finalerdietarako txartela lortu du.
Txuri-urdinekin batera, Mirandes eta Granada dira dagoeneko kopako finalerdietara sailkatu direnak. Athleticen eta Bartzelonaren artekoak erabakiko du zein den falta den taldea. Gainerako kanporaketetan ez bezala, finalerdietako partidak joan-etorrikoak izango dira.