Antiguako luizia euriteek eragin zutela dio txosten teknikoak
Lizarriturriko etxebizitzen atzealdeko mendi magala "lehenbailehen" egonkortu behar dela dio Ikerlur enpresak, "etorkizunean luiziak saihesteko".
Donostiako Udalak txosten tekniko bat eskatu zion azaroan Ikerlur enpresari, Antiguako lur-jausia zerk eragin zuen argitzeko. Udalak gaur jakinarazi du txostenaren emaitza, eta luizia euriteek eragindakoa dela dio. “Ezin da loturarik egin metroko lurrazpiko lanen eta lur-jausiaren artean”, gaineratzen du.
Euskal Trenbide Sareak Prointec enpresari eskaturiko txostena hartzen du oinarri gisa Ikerlur enpresak, metroko lanek lur-jausiarekin loturarik ez dutela ondorioztatzeko. Aipaturiko txostena, udaleko teknikariek helarazi diete. Gogorazi behar da, Hirigintza sailak egindako aurretiazko ikerketak ere euriteen hipotesia lehenesten zuela. Zarautz kaleko bizilagunek, ordea, metroaren lanek gertaturikoarekin harremana zutela adierazi zuten.
Arrazoiak arrazoi, 400 orrialde pasako txostenak azpimarratzen du Lizarriturriko etxebizitzen atzealdeko mendi magala “lehenbailehen” egonkortu behar dela. “Eremu horretan lanak ahalik eta azkarren egin behar dira, etorkizunean luiziak saihesteko”. Egin beharreko lanen argibide teknikoak ere jasotzen ditu txostenak.