Tradizioari traizio
2020ko Santa Ageda bezpera. (Argazkia: Irati Salsamendi) Gure hirian tradiziozkoak diren kultur-ohitura ugari ditugu. Ospakizun horiek guztiek musika dute bidelagun, eta kantu horien letrek gure herriaren izaera ulertzen laguntzen digute. Antropologiak erakutsi digu abestiek irudikatzen dutena gizartearen isla dela, baita horren barruan dauden zapalkuntzena ere. Emakumeen Etxeko Ederlezi abesbatzak Santa Ageda bezperako koplak bere egin, eta eraldatu egin ditu. Tradizioa ez da ezer monolitikoa, hertsia; beraz, jarraitu dezagun tradizioari traizio egiten eta iruditeria berriak sortzen.
Zorion kale hontako denoi
kaixo esatera gatoz (bis)
ixkin batetik bestera gabiltza
berri emateko gogoz
Emakumeok garai hauetan
indarrez aberats gatoz
gure Agedak egin bezala
geuk gobernatzeko asmoz
Santa Ageda bezpera degu
emakumeon eguna (bis)
bihotz guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna
Feminismoa gaur hartu degu
gure betiko laguna
honen laguntzat bete gentzake
bizi osoko jarduna
Emakumeen etxekoak gara
eta abestera gatoz (bis)
bihotz bat abots mila hemen gaude
kalea geure egiteko
sendo ta indartsu lurra bezala
eskuz esku pausoz pauso
aurrera emakume guztiak
etorkizuna hemen dago
Elkar goaz kalez kale kantuz
gure eskubideak lortzeko (bis)
ta entzuten ari zaretenak gurekin etorri gogoz
Errealitate desberdin eta
begietan ilusio
beti aurrera emakumeak
bizitza gurekin dago!

