Udal gobernuak izango du azken hitza
Udalbatzarraren legedia aldatzeko prozedura abiatu dute EAJk eta PSE-EEk. Oposizioaren lana mugatu nahi dutela salatu dute EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk.
Urtarrilaren 21ean Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak udalbatzarraren araudia aldatzeko proposamena onartu zuen. Erabakiak oposizioko hiru alderdiak haserretu ditu. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk salatu dute oposizioaren lana mugatu nahi duela udal gobernuak, eta era berean, donostiarrei hitza ukatu nahi dietela. Hori dela eta, urtarrileko udalbatzarrean premiazko mozioa aurkeztu zuten araudi aldaketaren inguruan eztabaidatzeko. EAJren eta PSE-EEren udal taldeek, ordea, eskaeraren kontra bozkatu zuten, eta gaia batzordeetan jorratzea proposatu zuten.
Araudi aldaketarekin, kontrolerako mozio kopurua mugatu ahal izango da, eta gainera, udal gobernuak izango du azken hitza eztabaida guztietan. «Erabaki honekin Eneko Goiaren gobernuak oposizioaren lana, eta oro har, herritarren parte hartzea oztopatzeko saiakera berri bat egin nahi du», salatu du EH Bilduk. Udal gobernuak araudia aldatzeko hainbat arrazoi izan ditzakeela uste dute: «EAJ inoiz ez da izan herritarren parte hartzearen oso aldekoa. Ordea, garrantzitsuena da zertarako egiten duten; udal gobernuari oposizioak eta herritarrek egin behar dioten kontrola murrizteko eta baldintzatzeko».
Udalbatzarrak bi funtzio nagusi ditu, arauak onartzea eta udal gobernuari kontrola egitea. «Kontrolaren funtzioa mugatzen bada, oposizioari eskumenak kentzen bazaizkio, sistema demokratikoaren oinarriak kolokan jartzen dira», adierazi du EH Bilduk. Araudia aldatzeko prozedurari dagokionez, udal taldeak ez daki udal gobernuak nola egingo duen. «Posible da aldaketa azkar bat egitea, otsaileko batzordeetan onartu eta otsaileko udalbatzarrean hasierako onarpena emateko. Ez dakigu denbora izango duten horretarako, bestela martxoan egingo dute».
Aldaketen azalpena
Udalbatzarraren legedia aldatzeko arrazoiak ez ditu argitu udal gobernuak, baina aldatuko dutenaren inguruko azalpenak eman dituzte. «Alde batetik, udal batzordeetan dagoen txanda irizpide bera aplikatuko da. Hau da, bi txanda ekimena aurkezten duenarentzat, eta beste bi txanda erantzuteko. Batzordeetan ekimenak erantzuteko dagoen sistema bera da. Hori da udalbatzarretan aplikatuko dena. Bestetik, udal talde bakoitzak dituen zinegotzi kopuruaren arabera aurkeztuko ditu ekimenak udalbatzarretarako».
Kontrol mozio kopurua mugatzeko asmoa du udal gobernuak, eta beste hiriburu batzuetan horrela egiten dela nabarmendu dute: «Udalbatzarra erregulatzeko modu bat da. Madrilen, Bartzelonan eta beste hiriburu askotan egiten duten moduan». Horrekin batera, gaur egun indarrean dagoen beste erregulazio batek ere mozioak mugatzen dituela adierazi dute. «Mozio arruntak ere erregulatuak eta mugatuak daude; bi mozio arrunt udal talde bakoitzeko udalbatzarrean. Erakunde adierazpenak ere ez dira eztabaidatzen udalbatzarrean, Bozeramaile Batzordean lantzen direlako».
Oposizioko alderdien salaketari dagokionez, udal gobernuak dio alderdi horiek hainbat bide dituztela euren lanarekin jarraitzeko. «Nahi dituzten interpelazio, galdera eta eskaera guztiak aurkeztu ditzakete batzordeetan. Modu horretan erantzuten dira udal taldeek dituzten informazio eskariak. Udalbatzarra, aldiz, gai jakin batzuen inguruan posizio politikoa azaltzeko gunea da».
EH Bilduren, Elkarrekin Donostiaren eta PPren udal taldeek ohartarazi dute euren lana mugatuta donostiarrei hitza ukatzen zaiela. Udal gobernuak, ordea, ez du uste horrela denik. «Donostiarren hitza ezin da hiru alderdi horietara eta udalbatzarretara mugatu. Udala egunero dago harremanetan herritarrekin, hilabetean behin egiten den udalbatzarrera itxaron gabe».
Herritarren partaidetza
Egungo araudiak tramitazio luzeegi bat ezartzen du herritarrek zein eragileek udalbatzarrean parte hartzeko. «Udalbatzarraren legedia 2004an onartu zenetik, soilik behin egin da tramitea bukaeraraino. Hain zuzen ere, bide hori erabili zuen pertsonak gainditu beharreko tramite guztiak zeintzuk ziren erakusteko egin zuen», azaldu du EH Bilduk.
Udal gobernuak ez dio aparteko garrantziarik ematen udalbatzarrean herritarrek izan dezaketen presentziari. «Egia da tramitazioak epe batzuk eskatzen dituela, baina udalbatzarra hilean behin egiten da. Herritarrek zein eragileek badituzte beste aukera batzuk udalarekin harremanetan jartzeko».