Urbanizazio lanen dirua desbideratzea egotzi diote udalari
Txomiñenerako ziren 1,6 milioi euro Santa Klara irlako eskulturaren aurrekontura mugitu dituztela adierazi du Txomingo Lan Berri auzo elkarteak.
Txomineko Lan Berri Auzo Elkartearen salaketa batek hautsak harrotu ditu. Ohar baten bidez jakinarazi dute Donostiako Udalak auzoko urbanizaziorako ziren ia 1,6 milioi euro Santa Klara irlako esku-hartze artistikora bideratu dituela. Horrek bizilagunen haserrea eragin du, eta auzoan pintaketak agertu ziren asteartean.
Dirua desbideratzeko erabilitako modua legezkoa izan arren, ez dute horren «motibazio politikoa» ulertzen, are gehiago irlakoak donostiar batzuen artean «arbuioa» sortu duenean. Auzo elkarteak nabarmendu du Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia dela diru desbideraketa horren sinatzailea, eta Arzallusek ez duela bisitarik egin auzoan kargua hartu zuenetik. Zehazki, iazko ekainetik. Auzo elkartearen arabera, zinegotziak ez du bete Txomiñeneko urbanizazio lanen baldintza-agirian hitzartutakoa, baldintza horietan aurreikusten delako bi hilabetean behin bizilagunekin bilera irekiak egitea.
Udalak iazko azaroan onartu zuen Txomiñeneko urbanizazioko aurrekontuko 1.589.339,23 euro Santa Klara irlako lanetara bideratzea. Izan ere, Cristina Iglesias artistaren esku-hartzearen aurrekontua handitu beharra zegoen, eta, udalaren arabera, Txomiñeneko urbanizazioko aurrekontua gehiegizkoa zen. Horregatik, diru kantitate hori Txominetik Santa Klarara desbideratu zuten, udalbatzarrean bozkatu gabe.
Horren harira, EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen pasa den asteko udalbatzarrean, auzo elkartearen eskaerak jasoz, eta, zehazki, udal gobernuari hiru eskaera eginez: bizilagunei auzoko lanen inguruko informazioa emateko mekanismoak hobetzeko, lanen inguruko segurtasuna bermatzeko kontrol neurriak indartzeko, eta Arteleku Plazako ekipamendua funtzionamenduan jartzeak hartuko duen denbora ikusita, auzoko Haurtxokoan hobekuntzak egiteko, erosotasun baldintza minimoak izan ditzan. Ordea, EAJren eta PSE-EEren udal taldeek mozio horren aurka bozkatu zuten.
Auzo elkarteak lanetan erabilitako material batzuen kalitate urria eta segurtasun falta salatu du baita ere, besteak beste. Era berean, «gehiegizko aurrekontua» auzoak dituen beste behar batzuk betetzeko ez erabili izana salatu dute auzotarrek, urbanizazio lanek «etengabe hutsuneak aurkezten dituzten bitartean». Gainera, udal gobernuak Arteleku Plazako kultur eta kirol ekipamendua eraikitzeko konpromisorik ez duela hartzen nabarmendu du auzo elkarteak, eta gobernuarentzat irlako eskulturak auzoek baino garrantzia handiagoa duela ondorioztatu dute: «Garrantzitsuagoa da irlako eskultura? Bada, dirudienez, udal gobernuarentzat bai».
Aurrekontua bikoiztuta
Udaleko iturriek hedabide honi azpimarratu diote urbanizazio lanen aurrekontutik ez dela dirurik kendu. Lan horiek egiten jarraitzeko, 2018an 1,6 milioi euroko aurrekontu-saila onartu zuen udalak, eta dirua ez zenez erabili aurrekontu-sail hori 2019ra pasa zen. 2019ko aurrekontua egin zutenean gai berdinerako bigarren aurrekontu-sail bat aurreikusi zuen Aurrekontuez arduratzen den taldeak. Hortaz, bikoiztuta zegoen urbanizazio lanetara bideratutako diru kopurua. Hau da, 3,2 milioi euro ingurukoa zen. Aurrekontu sailak egindako akatsa izan zen, eta bikoizketa hori desegiteko, azaroan, udal gobernuak erabaki zuen 1,6 milioi euroko diru zatia kentzea aurrekontu horretatik.
Udalak Txomiñeneko urbanizaziorako aurreikusitako dirua mantentzen duela berretsi du, eta gezurra dela auzo elkarteak salaturikoa. Lan Berrik egindako gainerako eskaeren inguruan ez dute ezer adierazi.