90. Uliako Gimnastika proba Carlos Mayok eta Elena Loyok irabazi dute
Europako atletismo proba zaharrenetakoa da Uliako Gimnastika. 90. lasterketa egin dute gaur eguerdian, eta hamar kilometroak ziztu batean egin dituzte lehiatzera etorri diren lasterkariekin. Azkarrenak izan dira Carlos Mayo espainiarra gizonezkoetan (28:15), eta Elena Loyo arabarra emakumezkoetan (33:47).
Lehia bizia izan du Mayok Antonio Abadia faboritoarekin, baina azken kilometroan jotako eraso bati esker atera dio errenta helmugara bakarrik iristeko. Azkenik, hamaika segundo atera dizkio Abadia bigarren sailkatuari (28:26). Juan Antonio Perezek osatu du podiuma, hirugarren postuan (29:03). Lehen gipuzkoarra, Iraitz Arrospide izan da, eta zortzigarren postuan sailkatu da (29:38). Aurreneko donostiarra, berriz, Ander Sagarzazu izan da (30:42).
Emakumezkoetan, Maijda Maayouf zen hautagai nagusia, baina lasterketaren azken txanpan indarrek huts egin diote. Elena Loyok ondo probestu du hori, helmugan lehen postuan zeharkatzeko. Bigarrena izan da Maayouf (33:54) eta Germa Martin izan da hirugarrena (34:17). Lehendabiziko donostiarra, aldiz, Maria Lozano izan da (40:54).