Realak ezin izan dio Bartzelonari aurre egin
Anoetako euskal derbian, berriz, hiru puntuak etxean geratu dira. Realak 2-1 gainditu du Athletic.
Superkopako finalean Bartzelonak erraz gainditu du Reala. Bi taldeen arteko aldea handia izanik ere, azken emaitza gehiegizkoa izan da: 10-1. Kataluniarrek lehen zatian utzi dute erabakita finala, eta txuri-urdinek ez dute egoerari aurre egiteko aukerarik izan. Granadan Kopa irabazi ostean, Superkopako finalean ez dute ezustekoa emateko aukerarik izan.
“Mingarria da, baina duela bi ordu baino talde hobea gara”, adierazi du Nahikari Garciak finalaren ostean. Hain zuzen ere, ezinean aritu da Reala neurketa hasi den unetik. Lehen hamabi minututan bi gol jaso dituzte txuri urdinek, eta arerioaren kalitateari ez diote balaztarik jartzea lortu. Lehen zatia 6-0 bukatu da, eta markagailu horrekin bigarren zatia jokatzea gogorra izan da beraientzat. Txuri-urdinen gol bakarra Manu Lareok sartu du 62. minutuan. Bartzelonak erasoan jarraitu du, eta horrela hamar gol sartzea lortu dute.
Finala galdu arren, Levante finalerdietan kanporatuta, azken bi denboralditan bi final jokatu dituzte txuri-urdinek. Hori txalotzekoa eta azpimarratzekoa da.
Derbia Realarentzat
Superkopako finala bukatu eta gutxira hasi da Anoetako euskal derbia, Realaren eta Athleticen artean. Bigarren zatiko joko onari esker hiru puntuak etxean geratu dira, txuri-urdinek zurigorriei 2-1 irabazita. Realeko golak Portuk eta Isakek egin dituzte, eta Athleticeko bakarra Williamsek. Bestalde, Muniainek txartel gorria ikusi du Oiarzabali egindako sarrera itxusi baten ondorioz.
Gaurko garaipenarekin, astea borobildu dute Kopako finalerdietarako sailkatu ostean. Gainera, sailkapenean gora egitea lortu dute, eta Europako postuetara itzuli dira.