Harkaitz Millan izango da Kultura diputatu berria
Denis Itxasok utzitako lekua hartuko du Harkaitz Millanek. Gaur egun, Basquetour-eko zuzendaria da, eta aurki utziko du Gipuzkoako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatu izateko. Beraz, donostiar batek beste donostiar bat ordezkatuko du. Gogora dezagun, Itxaso Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria izango dela aurrerantzean.
Millanek ibilbide aldakorra izan du politikagintzan. Historia ikasketak egin zituen EHUn, eta irakasle gisara aritu izan da batxillergoan. Eusko Alkartasunako militantea izan zen, eta Gazte Abertzaleak EAren gazte erakundearen idazkari nagusia izan zen. 2003ko udal hauteskundeetan EAJ-EAren zerrendako bigarrena izan zen, eta horri esker, 2003tik 2007ra EAko zinegotzia izan zen udalean.
Gerora, PSE-EErekin aurkeztu da bi bider Donostiako udal hauteskundeetara, Ernesto Gasco alkategaiaren zerrendan. Lehena, 2015ean izan zen independente gisara, eta bigarrena iaz. Bietan ez zuen zinegotzi kargurik lortu. Dena dela, Donostia Turismoko administrazio kontseiluko kidea da, eta Gascoren aholkularia izan zen 2015ean eta 2016an. Gaur egun, Gipuzkoako PSE-EEko Kultura eta Euskara idazkaria da.