Merkearko futbol zelai berria egiteko proiektua onartu dute
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak goizean onartu du Lauaizeta parkeko Merkear moduluko kirol instalazioa egiteko proiektua. Lorenzo Goikoetxea arkitektoak idatzi du proiektua, eta 4.422.742 euroko aurrekontua izango du, zaharkituta dagoen Herrerako futbol zelai zaharra ordezkatzeko. Udalak Merkearko lursaila erosi zion Kutxabanki milioi bat eurotan duela bi urte inguru, kirol instalazio berriak egiteko. Lanak 2021ean hastea aurreikusten du udalak.
Kirol eremu berri bat sortuko dute Merkearen, eta futbol zelai berria, 7.992 metro karratuko azalerakoa, errugbirako ere erabiliko dute. Horretaz gain, beste eraikin bat ere eraikiko dute zelaiaren ondoan, eta sei aldagela, hainbat neurritako komun eta dutxak, epaileentzako aldagelak, mantentze lanetarako eta kirol materiala gordetzeko biltegiak, zelaiko kudeatzailearen bulegoa eta komun publikoak izango ditu. Era berean, eraikiko duten harmailak 209 eserleku izango ditu, denak estaliak. Bestalde, aparkaleku bat ere egingo dute, 69 autorentzako lekua izango duena –horietako bi mugikortasun murriztua duten pertsonentzat–, eta beste hiru aparkaleku autobusentzako.