Azora funts putreak Donostiako 300 familiaren etxebizitzak erosi ditu
Inmobiliaria Vascogandaren erosketarekin, Azora funts putrea higiezinen agentzia euskaldunak hirian alokairuan zituen etxebizitzen alokatzailea bilakatu da. Kaleratzeak Stopek salatu du etxe horietan bizi diren familiak "etxegabetze arriskuan" daudela, eta manifestazio bat deitu du larunbaterako.
Donostia funts putreen jo mugan dago. Hori uste du Kaleratzeak Stop plataformak, eta hori erakusten dute azken asteetan hirian ematen ari diren gertakariek. Izan ere, Benta Berriko 510 familiek Blackstone erraldoiaren aurka duten gerrari Parte Zaharreko, Groseko eta Egiako 300 familiaren borroka batu zaio aste honetan.
Inmobiliaria Vascongada higiezinaren erosketarekin, Azora funts putrea familia horien etxebizitzen alokatzailea bilakatu da, eta multinazionalak beste leku batzuetan izandako jokabidea ikusita, haien etxegabetze arriskua erreala dela azpimarratu du Kaleratzeak Stopek. Plataformako kideen arabera, funts putre hau “erasokorrenetako bat” da estatu mailan jarduten dutenen artetik, eta Madrilen alokairu sozialean zeuden 3.000 etxebizitza erosi ostean bertako biztanleen alokairua %150 igo zuela gogoratu dute.
Azorak erosi dituen etxebizitzak Grosen, Amaran eta Egian daude. Bizilagunek azaldu dutenez, duela zenbait hilabete, Inmobiliaria Vascongadak maizterren alokairuak berritzeari utzi zion, kontratuen amaiera burofax bidez notifikatuz. Higiezinaren jokabidea legala zenez, hainba bizilagunek euren etxebizitzetatik alde egitea erabaki zuten, baina beste askok borrokari eustea erabaki dute.
Gauzak horrela, Kaleratzeak Stop plataformak manifestazio bat egingo du larunbatean, Donostiako Udalari laguntza eskatu eta Azorari kaleratzerik onartuko ez dutela adierazteko. 12:00etan abiatuko dute protesta, funts putreak Ijentea kalean duen egoitzatik.