Etxebizitzekin negozioa egiten duten funts putreen arazoari erantzutea Madrili dagokiola esan du Goiak
"Garbi esan behar da: fenomeno hau orokorra da eta erregulazio orokorraren eskuetan dago", adierazi du alkateak. Bestalde, Azora funts putreari hirian erosi dituen etxebizitzekin zer egingo duen galdetuko diola azaldu du.
Kaleratzeak Stop plataformak Azora funts putreak hiriko 300 familiaren etxebizitzak erosi dituela salatu zuen atzo, eta Eneko Goia alkateak gaiarekiko duen kezka helarazi die gaur hedabideei. Bere ustetan, ordea, kasu horren jatorrian dagoen arazoa hiritik harago doa, eta horri irtenbide bat ematea Espainiako Gobernuari dagokiola azpimarratu du.
“Garbi esan behar da: fenomeno hau ez da soilik gure hirian gertatzen, fenomeno orokorra da, eta erregulazio orokorraren eskuetan dago. Alokairuen aurrean gertatu daitezkeenak mugatu nahi baldin badira, hori ezin du udal batek egin, ez du eskumenik hori egiteko, ezta jaurlaritzak ere”, adierazi du.
Funts putreek erositako etxebizitzetan alokairuaren “gehiegizko igoerak” ematea saihestu dezaketen bakarrak “alokairu erregimenetan aldaketa normatiboak egiteko ahalmena dutenak” direla zehaztu du Goiak, PSOE-ren eta Unidas Podemosen gobernua seinalatuz.
Funts putrearen eskuetan geratu diren etxebizitzetako biztanleei udalak inolako irtenbiderik eskainiko dien galdetu diotenean, Goiak adierazi du, “salmentarekin hemengo norbaitek diru asko irabazi duela”, eta halako egoera baten aurrean “konponbidearen karga” ezin dela “gainerako guztien gain” geratu.
Gauzak horrela, udalaren hurrengo pausoa Azorarekin hitz egitea izango dela eman du aditzera alkateak, funts putrearen asmoak zein diren ezagutu eta bere arduradunei udalaren kezkak adierazteko. Bilera “laster” izango dela aurreratu du.