Blackstone funtsari aurre egitea posible dela erakutsi dute Bartzelonan
Europako hainbat herrialdetan, etxebizitza eskubidearen eta inbertsio funtsen kontrako borrokak bere fruitua eman du. Bartzelonako Raval auzoan hamar familiaren kaleratzea etetea lortu zuten iazko uztailean, herritarren zein bizilagunen mugimenduari esker.
Katalunian etxebizitzaren aldeko borroka indartu da azken urteetan. Etxebizitza eskubidearen aldeko sindikatuek herritarrak mobilizatu dituzte inbertsio funtsen espekulazioari aurre egiteko. Batez ere, Blackstone «funts putrearen» kontra antolatu duten mugimenduak zeresana eman du. Funts estatubatuarrari aurre egiteko azken urteetako erresistentzia eraginkorrena egituratu dute. Kill Blackstone, Barcelona vs Blackstone, eta bereziki, Raval vs Blackstone kanpainak dira horren eredu.
Iazko uztailean Bartzelonako Raval auzoan gertaturiko etxegabetze saiakera mugarri bihurtu da. Blackstone funtsak Hospital kalean okupa gisara bizi ziren hamar familia kaleratzeko agindua eman zuen. Hamabost egun eman zieten eraikina uzteko. «Desjabetzeari data ireki bat jarri zioten, eta hori ilegala da. Etxebizitza sindikatuak, bizilagunak eta herritarrak elkartu ginen higiezinen espekulatzaileei aurre egiteko», nabarmendu du Silvia Abadiak, Sindicat de Llogaters-eko kideak.
Ravalen estrategia bat antolatu zuten kaleratzea bertan behera uzteko. «Erresistentzia fisiko bat egin zen, baketsua eta irmoa. Hamabost egunean Hospital kalea okupatu zen, eta hainbat jarduera antolatu ziren: hitzaldiak, ikastaroak, kontzertuak eta beste. Bestetik, kaleko borroka hedabideetara eraman zen ikusgarritasuna emateko eta Blackstone seinalatzeko», azaldu du Abadiak. Horrekin batera, Bartzelonako Udalari eta Generalitateari inplikatzeko eskatu zieten. «Udalak hasi zuen negoziaketa Blackstone funtsarekin, eta akordio batera iritsi ziren. Familiak Hospital kaleko eraikinean geratu ziren. Lorpen horri esker negoziaketa mahai gehiago sortu dira kasu zehatzak argitzeko».
Bi ildo
Abadiak argi dauka «funts putreei» aurre egiteko bi bide nagusi daudela: «Oinarrizkoena bizilagunen antolaketa da; elkartu, saretu eta koordinatzea. Bestetik, juridikoki mugatu behar dira prozesu espekulatiboak. Exijitu behar zaie alokairu sozialak eskaintzeko krisialdian eskuratu zituzten etxebizitza horietan guztietan». Horrekin batera, Abadiak uste du ezinbestekoa dela inbertsio funtsek dituzten etxebizitza publikoak berreskuratzea desjabetzeen bidez. «Funtzio soziala bete behar dute», nabarmendu du. Era berean, alokairuen prezioa erregulatzea «ezinbestekoa» dela uste du.
Bentaberriko kasua hedabide honi esker ezagutu du Abadiak: «Blackstone funtsari aurre egitea posible dela erakutsi dugu Bartzelonan. Beraiek ere posible dute».