Donostiako bluesaren etxea
Santi Parra eta Jon Gurrutxaga blues zale amorratuek beraien gustuekin bat egiten zuen taberna ireki zuten 1989an: La Gatera. Hamar urtez egon zen irekita, eta Donostiako kultur jarduerak egiten zituen taberna erreferentea izan zen.
Donostiako taberna giroan ez ziren guztiz gustura sentitzen Santi Parra eta Jon Gurrutxaga lagun donostiarrak, eta biak langabezian zeuden. Egoera horretan, taberna bat irekitzeko lokal bat bilatzeari ekin zioten bi lagunek. Amara auzoko Osasun Iturri kaleko lokal bat hautatu zuten, ordura arte La Miel jatetxe begetarianoa izandakoa. Soto bat zen, eta baserriek izaten dituzten tankerako atea zuen, katazulo eta guzti. Horregatik, La Gatera izena jartzea erabaki zuten.
Parrak tabernako logoa egiteko konpromisoa hartu zuen, eta komiki bat irakurtzen ari zela izan zuen logoa egiteko ideia. Fat Sam izeneko pertsonaiak atentzioa eman zion, musikaria, beltza eta lodia zelako. Bi lagunek argi zuten taberna horretan musika beltza entzungo zela, beraz, Fat Samen irudia bat zetorren La Gateraren estiloarekin. Horrela, piano baten aurrean marraztu zuen pertsonaia, piano gainean katu bat jarri zuen, eta tabernaren logo mitikoa jaio zen. Horretaz gain, urtero La Gaterako egutegi txikiak egiten zituzten, beti Parraren marrazki batekin. 1993tik aurrera, Fat Sam bera izan zen egutegietako protagonista, egoera desberdinetan. Bestalde, taberna itxi ondoren ere Fat Samen kamisetak egin izan ditu tarteka Parrak, eta oraindik ikus daitezke La Gaterara joan ohi zen jendearen soinean.
Logoa sortu, lokala prestatu eta beharrezko gauza guztiak erosi ondoren, La Gaterak ateak ireki zituen, 1989ko abenduaren 28an. Pixkanaka, tabernara joan ohi zen jendearen eta bi jabeen arteko harreman estua sortu zen, eta familia handi bat sortu zen. Gaur egun, La Gatera itxi eta hogei urte pasa direnean, afari bat antolatzen dute abenduro Parrak eta Gurrutxagak, tabernara joan ohi zen jendearekin, eta 40 bat lagun elkartzen dira urtero.
La Gaterako kontzertuak
Musika beltza, eta bereziki bluesa, oso gustuko zuten Gurrutxagak eta Parrak, eta etengabe hazten joan zen binilo, kasete eta CD bilduma izugarria zuten tabernan, baina zuzeneko kontzertuak antolatu nahi zituzten, baita ere.
Horrela, Javier Sun musikari donostiarrak kontzertu bat emateko proposamena egin zien taberna ireki eta gutxira, eta hura izan zen La Gaterako lehenengo kontzertua. Ordutik, asko izan ziren tabernan jo zuten musikariak: Ñaco Goñi, Tonky de la Peña, Malcolm Scarpa, Fede Aguado, Osi Martinez, Edu Big Hands eta Marcos Coll, besteak beste. Hainbat tokiko taldek eta musikarik ere han jo zuten, eta batzuentzat musikan hasteko modu bat izan zen, hala nola, Blues Stop taldearentzat (ondoren Lau Behi izango zena) eta Paul San Martin piano-jotzailearentzat. Bi izan ziren La Gateran gehien jo zuten taldeak: Blues Stop donostiarrak eta Whammer Jammer biarriztarrak. Horrela, Donostian egon den blues taberna bakarra izatera heldu zen La Gatera.
Hala ere, ez zituzten kontzertuak soilik antolatu. Hain zuzen, kafe-teatro eta magia ikuskizun ugari antolatu zituzten, eta Peter Roberts mimo handiak ere han antzeztu zuen.
Inauteriak, jairik berezienak
La Gaterara joan ohi zen jendea inauteriak iristeko irrikitan egoten zen urtero, zerbait berezia prestatzen baitzuten beti Parrak eta Gurrutxagak. Urtero giro desberdin bat ematen zioten tabernari, eta beraiek ere mozorroarekin bat egiten zuten. Kobazuloz, gazteluz, portuz, metro geltokiz, aireportuz eta jolas-parkez, mozorrotu zuten taberna, besteak beste. Oso mozorro landuak ziren, Donostiako tabernen mozorro lehiaketako lehenengo saria irabazi zuten 1994an, gazteluaren mozorroarekin. Era berean, hirugarren saria irabazi zuten 1997an, portuaren mozorroarekin.
Mozorroa prestatzeko, bi edo hiru egunez taberna ixten zuten, eta hara joan ohi ziren pertsona asko Parra eta Gurrutxagari laguntzera joaten ziren, musutruk. La Gatera familia handi bat zenaren seinale.
Azken urteak
Dena ez zen zoriontasuna izan La Gateran, soto bat izanik, euri asko egiten zuen bakoitzean taberna urez betetzeko arriskua baitzegoen. Horrela, bi uholde gogor jasan zituen La Gaterak, 1992an lehenengoa eta 1997an bigarrena. Tabernan zituzten biniloek kalte handiak izan zituzten lehenengoan, bereziki, eta komeriak izan zituzten denak ondo lehortzeko.
Bigarren uholde horretatik ez ziren inoiz guztiz errekuperatu, eta familia ardurak zirela medio –bi jabeek seme-alabak izan zituzten 1996an–, Gurrutxagak taberna uztea erabaki zuen 1999an. Parrak hilabete batzuk gehiago iraun zuen, baina urte bereko uztailaren 30ean taberna ixteko erabakia hartu zuen. Itxiera, ordea, ez zen tristea izan, festa handi bat egin baitzuten, kontzertu luze batekin. Bi ziren La Gaterako abesti ezagunenak: Muddy Watersen Got my mojo workin’, tabernan Kalimotxo guay gisa ezagutua, eta Vicente Zumelen Hey Patrón, taberna ixteko jartzen zutena. Azken kontzertu horren bukaeran, Parra eta Gurrutxaga agertokira igo ziren, eta Hey Patrón kanta abestu zuten, taberna behin betiko ixteko.