"Historia eta bidea egiten ari gara"
Emakumeen historiako lehenengo Superkopako finala jokatzetik dator Mariasun Quiñones (Hondarribia, 1996). Realak 1-10 galdu zuen Bartzelonaren aurka, eta porrot gogorra izan baze ere, historia egin zutela argi dauka Quiñonesek. Final guztian zehar realzaleen berotasuna sentitu zutela nabarmendu du atezainak, eta uste du talde honek gauza polit asko lortu ditzakeela oraindik.
Zer moduz dago taldea joan den asteburuko finaleko porrotaren ondoren?
Ondo. Gertatzen diren gauzak dira, eta ez dugu burua lurrera bota behar. Burua goian eduki behar dugu, aurrera begiratu, akatsetatik ikasi, eta hurrengo partidan zentratu. Futbola futbola da, eta nahiz eta horrelako gauzak gutxitan gertatu, batzutan gertatu daitezke. Behintzat ez dugu lesio larririk izan, eta aurrera jarraitzen dugu, hurrengo partida irabazteko eta joko on bat egiteko helburuarekin. Gainera, badakigu zaleak gurekin daudela, eta hori alde edukita edozer egiteko gai gara.
Pertsonalki nola bizi zenuen igandeko finala?
Uste dut joan den asteko asteazkenean Levanteren aurka sekulako lana egin genuela denok, eta esfortzu handia izan zela. Iganderako, agian, ez ginen oso ondo errekuperatu, eta egia da nekatuak geundela, baina hori ez da aitzakia. Ezin ditugu aitzakiak jarri. Bartzelonak guk baino askoz lan hobea egin zuen, eta gainetik pasa gintuzten.
Pertsonalki, ikasteko aukera baten moduan hartzen dut, ez dizkidatelako inoiz hamar gol sartu. Orduan, ikasteko eta golak begiratzeko balio izan dit. Egia da finalera iritsi ginela, eta hori harro sentitzeko modukoa dela, baina hortik aurrera, lan gehiago egitera eta akatsetatik ikastera.
Finalera iristen historia egin duzuela uste duzue?
Bai, historia egin dugu. Lehenengo aldia zen Superkopan jokatzen genuela, lauko formatu horretan Espainiako talderik onenak zeuden, eta gu horien artean geunden. Gainera, Levanteren aurka partida oso polita eta estua eginez finalera pasatzeko aukera izan genuen. Beraz, harro talde honetaz eta egiten ari garenaz: iaz Erreginaren Kopa irabazi genuen eta Superkopako txapeldunordeak gara. Emaitza oso mardula izan zela? Bai, badakigu. Era berean, badakigu hortik ikasi beharko dugula eta lan gehiago egin beharko dugula. Hala ere, bide onetik goaz, eta emaitza horrek ez du lainotu behar egindako lan guztia.
Nolakoa izan da finalera iristeko bidea?
Polita izan da. Ordu askoko elkarbizitza izan da etxetik kanpo. Hor konturatu gara nolako taldea garen zelai barruan eta zein kanpoan, eta guretzat sekulako ikaskuntza izan da. Gehiago ezagutu dugu elkar, eta hori oso garrantzitsua da, zelaian islatzen dugun jokoan eragiten duelako. Espero dugu ahalik eta gehienetan errepikatzea horrelako esperientziak. Badakigu zaila dela, baina behin lortu badugu gehiagotan lortu dezakegu.
Zaleen berotasuna sentitu zenuten finalean?
Zaleen jarrera oso ona izan da. Erakutsi dute gurekin daudela onenetan eta txarrenetan. Askotan esaten da ‘txarrenetan ere zuekin egongo gara’, baina gero batzutan ez da ikusten. Guk, ordea, hurbiltasun hori ikusi dugu. Izan ere, nahiz eta emaitza hain txarra izan, gurekin sumatu genituen, eta ez zioten animatzeari utzi.
Gonzalo Arconadak Federazioa kritikatu zuen finalaren ondoren. Kritika horrekin bat egiten duzue?
Guk dakiguna da Bartzelona sekulako apustua egiten ari dela, eta urte asko daramatzala apustu hori egiten. Dena irabazteko gogo handiak dituzte, eta nabaritzen da. Gure gainetik pasa dira, eta orain guk egin behar dugu hausnarketa, beraiek bere garaian egin zuten moduan. Gure helburua da beraiekiko gertu gaudela sentitzea, eta oraindik ez dugu hori sumatzen. Hori gure lana da, eta geratzen zaiguna da Bartzelona zoriontzea, bai kluba eta bai neskak. Izan ere, eredu dira guretzat, eta Europako onenen artean daude.
Zein izan zen Arconadak eman zizuen mezua finalaren ondoren?
Nik uste dut momentu horretan ez dela ezer esan behar. Presidente jauna etorri zen, eta bere hitzak eskaini zizkigun. Eskertzen da sumatzea klubaren aldetik babes hori daukagula. Izan ere, Bartzelonarekiko aldea klubak egiten duen apustuan ere ikusten da, eta gure klubarentzat ere hausnarketarako balio izan duela uste dut.
Gonzalok aste honetan esan digu akatsetatik ikasten dela, bi final eduki ditugula urtebete baino gutxiagoan, eta hori historikoa dela. Azkenean, historia eta bidea egiten ari gara.
Ez zenuten finaleko lehenengo minutua jokatu, hitzarmenaren sinaketaren atzerapenarengatik. Zein da egoera?
Jokalariak sinatzeko zain gaude. Enpresek, asoziazioek eta Federazioak esaten dute gure alde daudela, baina gero ez dute hori erakusten. Hitzarmena asko luzatzen ari da, eta hori da guk nahi ez duguna. Ez genuke nahi beste greba bat egin eta egoera berean gelditu, guk aurrera egin nahi dugu, merezi ditugun eskubide minimoez hitz egiten ari garelako.
Zer espero dezakegu talde honetatik aurten?
Gure helburua argia da: aurreko urtekoa hobetzea. Zaila izango dela? Bai, noski, baina uste dut urtero anbizio gehiagorekin joan behar dugula, bai Ligan eta bai Kopan. Indartsu gaude, eta buruari dagokionez asko hazten ari gara. Talde gaztea izan arren, erakutsi dugu lehiatzeko gai garela, eta gure bertsiorik onena ateratzear dago oraindik.