Howdy talde donostiarrak bere lehenengo diskoa argitaratu du
Howdy bluegrass talde donostiarrak bere lehenengo diskoa argitaratu du, taldearen izen berarekin. Oiartzungo Lezoti Estudioan grabatutako hamabi abesti propioz osatuta dago diskoa, eta taldeak berak ekoiztu du. Otsailaren 29an aurkeztuko dute lan berria Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan, 21:00etan (doan, aretoa bete arte). Kontzertuetan bertan edo taldearekin harremanetan jarriz eskuratu daiteke diskoa, eta laster egongo da entzungai plataforma digitaletan.
2012an jaio zen Howdy, eta Jazzaldian eta Musikagela Weekend jaialdietan jo dute urte hauetan zehar, besteak beste. Bost lagunek osatzen dute taldea gaur egun: Jon Arzelus kontrabaxu-jotzaileak, Urbil Artola dobro-jotzaileak, Jose Mari Pulido banjo-jotzaileak, Julen Maestro trikitilariak eta Gorka Arranz gitarra-jotzaile eta abeslariak. Era berean, Jon Anton abeslariak koruak egin ditu diskoko Fire’s Waltz abestian, eta Jon Gurrutxaga musikaria da Bidean Zehar abestiko ahots nagusia.