Athleticek irabazi du Lezamako derbia
Azken astea gogorra izan da Realeko neskentzat. Superkopako finala galdu eta kopatik kanpo geratu ostean, Gonzalo Arconadaren taldeak Athleticen aurkako derbia galdu du Lezaman, 2-1eko emaitzarekin. Donostiarrak aurretik ipini ziren Kiana Palaciosek 6. minutuan eginiko golarekin, baina Athleticek bigarren zatian eta bi minutuko tartean eginiko bi golek buelta eman zioten norgehiagokari. Gauzak horrela, Realak sailkapenean gora egin eta bilbotarrak aurreratzeko aukera on bat galdu du, baina oraindik ligaren herena geratzen denez, sailkapeneko lehen postuengatik borrokatzen jarraitzeko arrazoirik ez zaie falta donostiarrei.
Mutilei dagokienez, berriz, Realaren eta Eibarren arteko derbia bertan behera geratu da Zaldibarreko zabortegitik ateratako dioxinak eta furanoak inguruko herrietako airea kutsatu duelako, eta partidaren data berria zehaztear dago oraindik.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ere derbia jokatu du Araskiren aurka, gasteiztarrentzako garaipenarekin, eta, hockeyan, Realak asteburuan jokatutako bi partidak galdu ditu, bere burua sailkapeneko azken-aurreneko postuan kokatuz.
Izotz-hockeyan, azkenik, Txuri Urdineko mutilek garaipena lortu eta ligako bigarren postua bermatu dute play-offetarako. Neskek, aldiz, porrot gogorra jaso dute sailkapeneko liderraren aurka.
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 20. jardunaldia
- Athletic 2 – 1 Reala
Gizonezkoen lehen maila, 24. jardunaldia
- Eibar – Reala (Atzeratua)
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 20. jardunaldia
- Araski 79 – 64 Ibaeta Basket
HOCKEYA
Emakumezkoen ohorezko maila, 9. eta 10. jardunaldiak
- Rc Polo 2 – 1 Reala
- Sardinero 3 – 2 Reala
IZOTZ HOCKEYA
Emakumezkoen senior maila, 17. jardunaldia
- Majadahonda 7 – 1 Txuri Urdin
Gizonezkoen senior maila, 20. jardunaldia
- Txuri Urdin 5 – 2 Jaca