Iztuetako zubibidea eraisteko lanak martxoaren 9an hasiko dituzte
Martxoan hasiko dituzte Iztuetako zubibidea eraisteko lanak, eta hamabost hilabeteko iraupena izango dute. Gaur eman dute obraren berri Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak, eta Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak. Hain zuzen, jakinarazi dute lanak hiru fasetan egingo dituztela, eta horiek zirkulazioan izango duten afekzioak azaldu dituzte. Zubibidea eraitsi eta pasabide berria trenbidearen azpitik igaroko da, Zuhaizti parkearen eta Justizia Jauregiaren artetik. Egia eta Gros bereizten dituen zubibidea kendu ostean, biribilgune bat jarriko dute Mandasko Dukea, Iztueta eta Egiako Galtzada kaleak lotuko dituena. Justizia Jauregiko aparkalekurako sarbidea ere izango du.
Iztuetako aldaketek Egia, Gros eta Erdialdeko auzoen arteko loturan “izugarrizko” aldaketa eragingo dutela esan du Garmendiak, eta proiektuaren garrantzia nabarmendu du, izan ere, auzoen arteko “lubaki historiko bat” desagerraraziko duela baieztatu du. Era berean, “pazientzia” eskatu die bizilagunei, lanek izango dituzten eraginengatik, eta gaineratu du proiektua amaitutakoan hobekuntza nabarmena nabarituko dutela. Gaur arratsaldean bilera informatibo bat egingo dute zonaldeko bizilagunentzat, 18:00etan, Zuhaiztin.
Hiru fase eta hamabost hilabete
Lehen fasea martxoaren 9an hasiko da, eta Garmendiak adierazitakoaren arabera, bi eta hiru hilabeteren artean amaituko dute. Lehen fase honetan, zonaldea “prestatuko” dute, zubibidearen eraisketa egin ahal izateko. Eraisketa egin bitartean, Iztueta kaletik desbideratu beharko dute zirkulazioa, eta horretarako, Iztueta kaleko egungo kota jaitsi beharko dute, autobusak eta altuera jakin bateko ibilgailuak igaro ahal izateko. Hortaz, kota jaistea izango da lehen faseko lan nagusia. Iztueta kaleko zirkulazioa moztu egingo dute horregatik, eta autoen aparkalekuak kendu egingo dituzte. “30 aparkaleku kenduko dira, baina epe motzean 26 berreskuratuko dira”, azaldu du Aranak.
Era berean, fase horretan Tomas Gros kalearen zirkulazioaren noranzkoa aldatuko dute, eta Iparragirre kalea irtenbiderik gabe geldituko da; Mirakruzetik atera eta sartu beharko dute bizilagunek. “Iztueta kalea trenbidearen azpian beheratzen den bitartean, Iparragirre kaletik trenbiderako sarbideak moztuko dira. Irtenbide gabeko kalean bide bat izango da, inguruko garajeetatik ibilgailuak atera ahal izateko”, jakinarazi du Garmendiak.
Bigarren fasea izango da luzeena: bederatzi hilabeteko iraupena izango du. “Konplexutasun tekniko handiena” duen fasea dela aitortu dute zinegotziek, hain zuzen, orduan eraitsiko baitute zubibidea, eta bide berria eraikiko dute trenbidearen azpian. Fase horretan, lanak Zuhaizti plazara zabalduko dituzte, eta han galtzada zabalduko dute Aldakoenea eta Egiako galtzadaren artean. Hortaz, zirkulazioa mantenduko dute, baina plazako aparkalekuak eta hondakinen edukiontziak lekualdatuko dituzte. “Lanek ibilgailu-zirkulazioan eta trenen zirkulazioan eragin gutxien sortzea nahi dugu, baina batzuetan mozketak ezinbestekoak izango dira”, onartu du Garmendiak.
Era berean, hainbat lan gauez egingo dituztela jakinarazi dute. Trenbidea igarotzeko zubi berri bat eraikiko dute errepidearen gainean, eta teknikoek jakinarazi dutenez, horretarako beharrezkoak diren hainbat lan izango dira gauez egingo dituztenak, besteak beste, trenbidea moztu eta berriro ezartzea eta zubiaren oinarriak eraikitzea.
Bigarren fasean zehar izango dira eragin gehienak inguruetako bideetan. Egiara sartzeko eta ateratzeko aldaketak izango dira: alde batetik, auzotik Mandasko Dukearen kaletik atera nahi dutenek, Iztuetako bidegurutzetik Egiako Galtzadara bide bakarra topatuko dute, eta autobusek soilik izango dute Iztueta kaletik Erdialdera joateko aukera. Gainerako ibilgailuek Egia Galtzadara jo beharko dute auzotik ateratzeko, eta Jai Alaiko bidegurutzera joan beharko dute. Aldiz, Euskadi plazatik Egiara sartzeko, Iztueta kaletik sarbidea izango dute ibilgailu guztiek. Iparragirre kalearen eta Tomas Gros kalearen norabideak ere aldatuko dituzte.
Autoen aparkalekuei dagokionez, obrak iraun bitartean, “eremu horretan aparkatzeko tokiak galtzearen eragozpenak arintzeko”, Mandasko Dukearen kalean oinezkoentzako pasabidetik aurrera dagoen erreia kenduko dute, eta bederatzi plaza berri sortuko dituzte. Halaber, Egia Galtzada kalean, kiroldegiaren parean, beste hamazazpi plaza sortuko dituzte, errepidea noranzko bakarrekoa bilakatuko delako; bidearen beste zatian kokatuko dituzte aparkalekuak.
Hirugarren eta azken fasean, Egia eta Gros arteko biribilgunea eraikiko dute, Mandasko Dukea, Iztueta eta Egiako Galtzada kaleak lotuko dituena. Donostiako Udalaren aurreikuspenen arabera, obrak 2021eko maiatzean amaituko dituzte.